Gizartea -

2010eko Nobel Saria

Liu Xiaobo disidente txinatarra, Bakearen Nobel sariduna

Idazlea kartzelan dago egun, demokraziaren aldeko adierazpen bat sinatzeagatik, eta 1989an Tiananmeneko protesten buruetako bat izan zen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Liu Xiaobo disidente txinatarra da 2010eko Bakearen Nobel sariduna, Nobel Institutuak Oslon (Norvegia) duen egoitzatik jakitera eman duenez.

1989an, egun kartzelan dagoen intelektualak Columbia Unibertsitateko (New York) irakasle lana utzi zuen Tiananmen plazako ikasleekin batera demokrazia aldarrikatzeko.

Xiaobo Changchunen (Jilin) jaio zen 1955eko abenduaren 28an. Gose grebaren asmatzailetzat jotzen dute. Era berean, 1989ko ekainaren 4an, Tiananmen plazako manifestari gehienak modu baketsuan ateratzeko negoziazio prozesuan parte hartu zuen. Hala ere, tankeek ehunka manifestari hil zituzten plazatik ateratzeari uko egin ziotelako eta orduan gertatutakoa tabu bilakatu da Txinako erregimenean.

Ez daki irabazi duela

Liu Xiaoboren bi abokatuek azaldu dutenez, hark oraindik ez daki golardoa irabazi duela, kartzelan inkomunikatuta baitago.

"Liuk ez daki ezer. Une honetan ezin du inork harekin hitz egin. Liu Xia emazteak hilero egiten duen bisitara itxaron beharko da", esan dute.

Gainera, haren emaztea, Liu Xia poeta, etxean atxilotuta daukate 2008an senarra atxilotu zutenetik, eta haren telefonoa komunikatzen dago sariaren irabazlea jakinarazi dutenetik.

Liu Xiaoboren abokatuek adierazi dute ez dakitela nork jasoko duen golardoa, Txinako Gobernuak ez baitio herrialdetik ateratzen utziko saridunari.

Inoiz baino hautagai gehiago

Aurten 237 hautagai zeuden Bakearen Nobel Saria eskuratzeko, inoiz baino gehiago, eta horren arrazoia iazko irabazlearen izena, Barack Obama AEBetako presidentea, oso handia delako izan dela diote batzuek.

Bakearen Nobel Saria da Suediatik kanpo ematen duten golardo bakarra eta Oslon, Norvegian, ematen dute Alfred Nobelek hala eskatuta. Izan ere, Norvegia Suediako Erreinuaren parte zen garai hartan.

Astelehenean jakinaraziko dute aurtengo azken Nobel saria, Ekonomiarena. Gainerako alorretako saridunak honako hauek izan dira: Robert G. Edwards Medikuntzan; Andre Geim eta Konstantin Novoselov Fisikan; Richard Heck, Ei-ichi Negishi eta Akira Suzuki Kimikan; eta Mario Vargas Llosa Literaturan.

Norvegiako agintariek Nobel Batzordearen independentzia babestu dute

"Batzorde independentea eta Norvegiako Gobernua ezberdindu egin behar direla esan dugu uneoro. Gure gizarteak horrela funtzionatzen duela ulertu behar dute", esan du Størek telebista publikoan. Ildo horretan, "ez dugu zertan Batzordeak egindako lanagatik barkamenik eskatu", gaineratu du.

Størek aitortu duenez, ez da inolako "sekretua" Beijingek Norvegiako agintariei presioa egin diela, baina "nire ustez, ez dago Norvegiaren aurka neurriak hartzeko oinarririk; horrek kalte handiagoa egingo lioke Txinako ospe onari. Kanpoko kritikak onartu behar dituzte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea