Gizartea -

Tragedia

Zarautzen hildako haurraren aita auzipetu dute homizidioagatik

Zarautzeko Udalak elkarretaratzea deitu du gaurko, 12:30ean. Ertzaintzak onartu du homizidioa "arduragabekeriagatik" edo "nahita" gertatua izan daitekeela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak homizidioagatik auzipetu du Zarautzen hil zen urte eta erdiko haurraren aita, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Aita, 41 urteko marokoarra, atxilotuta dago atzotik, bere gain beste delitu batzuk ere bazituelako. Zarautzeko Udalak elkarretaratzea deitu du larunbaterako, 12:30ean

Baina orain, "lortu ditugun frogak ikusita", Ertzaintzak homizidioa leporatzen dio aitari eta horrek atxilotuaren egoera aldatu du. Herrizaingo Sailak ohar batean onartu duenez, homizidioa "arduragabekeriagatik" edo "nahita" gertatua izan daiteke.

Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak sumario sekretua ezarri du ostegunean gertatutakoari buruzkoa argitu arte. Aitak 05:20 aldera eman zion abisua Ertzaintzari haurra desagertu zela eta. Montetxio parkean, kalean, alabarekin lotan ari zela desagertu egin zela salatu zuen aitak orduan.

Larrialdi zerbitzuak martxan jarri ziren berehala eta 09:00ak aldera urte eta erdiko neskatoa hilik agertu zen itsasoan, Zarauzko malekoi parean.

Herrizaingo Sailak Ertzaintzaren Krimenak Ikertzeko Unitateari eman dio kasua ikertzeko ardura, izan ere, garrantzia edo zailtasun berezia duten kasuak argitzen trebatu dituzte talde horretako kideak.

Atxilotua Ertzaintzaren komisarian dago eta Azpeitiako epailearen esku utziko dute.

Delitu-historial luzea

41 urteko gizonak delitu-historial luzea du. Hamaika aldiz atxilotu dute bikotekidearen kontrako indarkeriagatik eta alaba bahitzeagatik, besteak beste.

Aldundiak ez zuen babes falta sumatu

Aldundiak berretsi laguntza "emakumeak eskatu zuenean" eta "nahi izan zuen denboraz" eman ziotela, eta alaba ez zegoela babes gabe, amak "arreta egokia" ematen baitzion.

Elkarretaratzea

Zarautzeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako, hildako neskatoari elkartasuna adierazteko.

Elkarretaratzea 12:30ean hasiko da udaletxearen aurrean. Komunikatu baten bidez jakitera eman duenez, "neskatoaren hiletaren kostu ekonomikoa eta antolaketa" bere gain hartuko ditu Udalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea