Gizartea -

Sanferminetako bortxaketa

Biktimak ez zuela itxurarik egin ziurtatu dute lehen unean artatu zuten poliziek

Orduan egindako txostenak berretsi dituzte epailearen aurrean. Biktima artatzen lehendabizikoak izan ziren udaltzainak, eta eurek identifikatu zituzten erasotzaileak. Foruzainek instrukzioa egin zuten

Nafarroako Auzitegi Nagusiko areto honetan ari dira egiten epaiketa. EFE
San Fermineko taldekako bortxaketaren epaiketa. EFE
Biktima shock egoeran zegoela berretsi dute artatu zuten udaltzainek

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iazko sanferminetan taldekako bortxaketa salatu zuen emakumeak ez zuen itxurarik egin, lehen unean artatu zuten udaltzainek epaiketan gaur adierazi dutenez. Lau udaltzain horiek eta lehen une horretan emakumea artatu zuten hiru foruzainek orduan egindako txostenak berretsi dituzte epailearen aurrean, epaiketaren hirugarren egunean.

2016ko sanferminetan izandako taldekako bortxaketagatik Iruñean egiten ari diren epaiketako hirugarren saioa arratsaldeko ordubiak pasatxoan amaitu da, lau orduren ostean. Saioa goizeko hamarretan hasi da lau udaltzainen testigantzarekin eta bi ordu eta erdiz deklaratu dute. Ondoren, hogei minutu inguruko atsedenaren ostean, hiru foruzainen txanda izan da. Azken horiek ordu eta erdiz deklaratu dute epailearen aurrean eta, lekukotzak amaituta, ordubiak aldera bukatu da gaurko saioa.

Taldekako bortxaketa 2016ko uztailaren 7an jazo zen, 03:00ak aldera. Erasoa jasan eta gero, bikote batek topatu zuen biktima, kaleko eserleku batean, negarrez. Sexu eraso baten biktima izan berri zela esan zien emakumeak, eta hala jakinarazi zion bikoteak Udaltzaingoari. Udaltzainak izan ziren bertaratzen lehenak, eta eurek identifikatu zituzten bost erasotzaileak entzierroaren ibilbidean jarrita dauden kamerei esker. Foruzaingoak atxilotu zituen bost gizonak zezen plazan, eta polizia horrek egin zuen instrukzioa. Orduan egindako txostenak berretsi dituzte bai udaltzainek eta baita foruzainek ere epailearen aurrean.

Osteguneko eta ostiraleko saioei begira, Iruñeko beste bederatzi udaltzainen eta beste lau foruzainen txanda izango da. Horiez gain, hiru lekuko daude deklaratzera deituta: hotel bateko atezaina, erasoa gertatu zen atariko bizilagun bat eta emakumearen eskuko telefonoa aurkitu zuen pertsona. Epaiketako lehen saioan, akusatuetako batek emakumeari eskuko telefonoa lapurtu ziola onartu zuen.

Biktimak ia lau orduz deklaratu zuen atzo. Iruñera bertaratu behar izan zen, epaileak Madriletik bideokonferentzia bidez egiteko aukera ukatu ostean. Ez zituen bere erasotzaileak ikusi, beste areto batean jarri zituztelako. Erasoa jasan ostean esandakoari eutsi dio emakumeak, bostek bortxatu egin zutela, "bere nagusitasun fisikoa aprobetxatuta eta gehiago zirela" eta biktimak "erresistentzia txikiena ere egiteko ezintasuna" baliatuta.

Akusatuek grabatutako bideoak ikusgai izan ziren atzoko saioan, eta hasiera batean defentsak hala eskatu bazuen ere, emakumea ez zuten ikustera behartu.

Fiskaltzak 22 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat sexu eraso jarraituaren eta intimitatearen kontrako delitu bana leporatuta. Bost gizonek errugabeak direla esan zuten epaiketaren lehen egunean, eta bakar batek onartu zuen sakelakoa lapurtu ziola emakumeari.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Indarkeria matxista Espainian Nafarroa Delituak albisteak Epaiketak Sanferminak Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Eguneko albisteak