Gizartea -

Haurraren Nazioarteko Eguna

Genero-indarkeria pairatu duten haurrentzako epaitegi bereziak sortzea proposatu dute

Haurtzaroan aditu diren elkarte espezializatuek lege-zirriborroa helarazi diote Espainiako Gobernuari. Zortzi ume hil dira aurten, aitak erailda, haien amaren aurkako indarkeria-egoeretan, alegia

Haurrek pairatutako edozein indarkeria mota hartzen du lege-zirriborro horrek. Argazkia: EiTB
Haurrek pairatutako edozein indarkeria mota hartzen du lege-zirriborro horrek. Argazkia: EiTB
Haurrek pairatutako edozein indarkeria mota hartzen du lege-zirriborro horrek. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haurtzaroan aditu diren Espainiako elkarte espezializatuak lanean ari dira haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaren inguruko lege integral bat prestatzen. Izan ere, proposamena helarazi diote Espainiako Gobernuari. Lege-zirriborro horrek aurrekusten dituen neurrien artean dago adingabeen aurka egindako indarkeria epaitzeko auzitegi bereziak sortzea, genero-indarkeriarentzako propio sortutako epaitegiak bezala, adingabe horiek zuzenean biktimatzat jo ahal izateko.

Gainera, lege horrek inbertsio ekonomiko garrantzitsua aurreikusten du, adingabe horiek artatzeko pertsonal gaituari formakuntza eman behar zaiolako (fiskalak, epaileak, abokatuak, psikologoak, ea). Helburua litzateke haur horien testigantza jasotzea berriro biktimizatu barik.

Elkarte horiek egindako beste proposamenak dira, besteak beste, genero-indarkeriaren ondorioz biktima diren adingabeek zurstasun-pentsioa jasotzea, haurrak entzuteko, kasuen jarraipena bermatzeko eta familiei arreta egiteko tresnak eta mekanismoak hobetzea.

Proposamena

Save The Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak sustatutako ekimena da, Comillaseko Unibertsitatearen babesarekin. Haurtzaroko auzietan aditu diren hainbat elkarteren proposamenak jaso dituzte eta, orain, Espainiako Gobernuari helarazi diote zirriborroa.

Zortzi ume hil dira aurten, aitak erailda, haien amaren aurkako indarkeria-egoeretan, alegia. Dena dela, indarkeria mota guztiak hartu nahi ditu lege horrek, hala nola, familiartean izandakoa, sexu-abusuak, eta jazarpena sare sozialetan nahiz eskolan.

Arartekoa

Bihar izango den Haurraren Nazioarteko Egunaren harira, Manuel Lezertua Arartekoak gogora ekarri duenez, umeak dira "gaurko herritarrak, eta orainaldia bizitzeko eta gizartean erabat parte hartzeko eskubide osoa dutenak".

Ohar baten bidez Arartekoak ohartarazi duenez, Euskadin bizi diren pertsona guztien balioa aintzat hartuta bakarrik, baita haurrena ere, "elkarbizitza solidarioa eta bidezkoa eraiki dezakegu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Umeak tratu txarrak Tratu txarrak gaur Delituak argazkiak Espainiako Gobernua bideoak Gizartea bideoak Albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako gida Mundu matxista