Gizartea -
Ingurumena
2020an gas emisioak % 30 murrizteko konpromisoa hartu du Euskadik
Epe luzeago batera, emisioak % 80 murriztea eta energia berriztagarriak gutxienez % 40 areagotzea planteatzen du klima-aldaketaren aurkako EAEren estrategiak.
Agentziak | Erredakzioa
2005eko isuriekin alderatuta, 2020an berotegi efektuko gasen emisioak % 30 murrizteko konpromisoa hartu du gaur Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak Bruselan.
Arriola Miguel Arias Cañete Europako Klimaren Aldeko Ekintza eta Energia komisarioarekin bildu da arratsaldean, Belgikako hiriburuan. Ekintzak koordinatu eta klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko neurriak mahai gainean izan dituzte bi arduradunek.
Bileran, fenomenoari egokitzeko eta aurre egiteko Europaren jarraibideak ezagutu ditu sailburuak, eta Euskadik egindako lana azaldu du, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.
Jaurlaritzaren helburuetako bat karbono gutxi sortzen duen ekonomia bat lortzea da, eta baita 2020rako berotegi efektuko gasen emisioak % 30 murriztea ere.
Epe luzeago batera, emisioak % 80 murriztea eta energia berriztagarriak gutxienez % 40 areagotzea planteatzen du klima-aldaketaren aurkako EAEren estrategiak (Klima 2050).
Ekonomia zirkularra
Bestalde, ekonomia zirkularra hondakinak murriztu eta merkatuan lehengai gisa berriz barneratzeko modu bezala defendatu du Arriolak, klima-aldaketaren aurkako borrokan.
Sektore horretako enpresek urtero 3.600 milioi euro inguru fakturatzen dituzte EAEn. Sailburuaren ahotan, “horrek eredu aldaketari bultzada ematen dio”.