Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon batek botila batekin eraso dio emazteari kalean, Getxon
Lanetik kanpo zegoen udaltzain bat erasoaren lekuko izan zen, eta horrek atxilotu zuen erasotzailea. Emakumea ospitalean artatu zuten, eta, ondoren, ez zuen salaketa aurkeztu nahi izan.
eitb.eus
48 urteko emakume bat eraso baten biktima izan zen larunbatean, azaroaren 25ean, Getxoko kale batean. Senarrak botila batez jo zuen, eta bertan atxilotu zuten.
Getxoko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, lanetik kanpo zegoen udaltzain batek erasoa ikusi zuen, eta berehala atxilotu zuen erasotzailea.
Biktima Urdulizko Ospitalera eraman zuten, erasoan pairatutako zauriak sendatzera. Erietxetik irten ostean, baina, ez zuen senarraren kontrako salaketarik jarri nahi izan. Edonola ere, agenteek epailearen esku utzi zuten erasotzailea, genero-delitua egotzita.
Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak erasoa gaitzetsi du, eta indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela azpimarratu. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuetara (94 466 01 51) jotzeko deia egin die tratu txar fisiko edo psikikoak jasaten dituzten emakumeei.
Eigurenek gogorarazi duenez, Udaltzaingoa (94 466 02 02) eta Ertzaintza (94 406 34 20) biktimei laguntzeko prest daude, eta Eusko Jaurlaritzak tratu txarren biktimei laguntzeko duen telefono zenbakia (900 840 111) eta SOS Deiak zerbitzuarena (112) ere gogoratu ditu.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.