Gizartea -
Lehen elurteak Euskadin
Errepidean arretaz ibiltzeko gomendatu dute, lehen elurteen ondorioz
Oraingoz ez dago errepide bat ere itxita elurraren ondorioz.
Agentziak | Erredakzioa
Azken orduetan eroritako lehen elurteen ondorioz arazoak sortu dira, batez ere, bigarren mailako errepideetan. Altuben eta Urduñako mendatean, esaterako, kateak edo neguko gurpilak behar izan dituzte ibilgailu guztiek goizean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoa webgunearen arabera, oraingoz ez dago mendate bat ere itxita elurragatik.
Ertzaintzak, halaber, Arabako Aiurdinen, Opakuan, Zaldiaranen, Gatzagan eta Gasteizen, Azazetan, Barrerillan eta Bernedon zein Gipuzkoako Etzegaraten, Arantzazun, Elosuan, Lizarrustin, Bidanian, Otsaurten, Urton eta Udanan arretaz gidatzeko eskatu du. Bizkaian, berriz, Urkiolako, Barazarko, Arrangizganeko eta Dimako mendateetan kontuz ibiltzeko gomendatu dute.
Araban, Foru Aldundiak errepideetako neguko plana abiatu du; dagoeneko, 10 elur-makina, 30 langile eta hiru patruila ari dira lanean.
Elur-maila 700-900 metroan egongo da ostegun honetan, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Maiz eta ugari egingo du euria, eta egunaren bigarren partean pilatuko dira litro gehienak.
Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, zakar samar tarteka, bolada oso gogorrekin haizeguneetan. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango, eta balio altuenak 5 eta 10 gradu artean geratuko dira.
Bestalde, Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du ostiralerako eta larunbat goizerako elurragatik.