Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Eraso matxistei erakundeetatik erantzuteko plana aurkeztu du Gipuzkoako Aldundiak

Erakundeen erantzuna kasu bakoitzarekin bat etorriko da eta biktimaren onespena izan beharko du. Helburua indarkeria kasuen aurrean erakundeek "zero tolerantzia" aurkeztea da.

Proiektua lurraldeko udal guztiekin alderatuko dute udarako prest izan dadin. Argazkia: EFE.
"Ez dut hurrengoa izan nahia" idatzi du emakume batek bere bizkarrean.
Proiektua lurraldeko udal guztiekin alderatuko dute udarako prest izan dadin. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeek nola erantzun behar duten azaltzeko plan aitzindaria aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektua lurraldeko udal guztiekin alderatuko dute udarako prest izan dadin.

Markel Olano ahaldun nagusiak eta Miren Elgarresta Berdintasunerako foru zuzendariak aurkeztu dituzte ostegun honetan, Donostian, plan berri horren nondik norakoak. Ildo horretan, erakundeen erantzuna "argia, azkarra, koordinatua, erabatekoa eta eraginkorra" izan behar duela jasotzen du dokumentuak.

Emakumeen aurkako indarkeria kasuen aurrean erakundeek "zero tolerantzia" aurkeztu behar dutela da protokoloaren ildo nagusia.

Testuak hiru erantzun ezberdin jasotzen ditu, sexu-erasoen arabera. Lehenengo bietan, emakumeen hilketa zein emakume horiek nahiz horien seme-alaben hilketa saiakerak sartzen dira; eta hirugarrenean, berriz, sexu-erasoak, sexu-abusuak, zauri larriak edo sexu-jazarpena sartzen dira.

Erakundeen erantzuna kasu bakoitzarekin bat etorriko da eta biktimaren onespena izan beharko du. Horrela, eraso matxistak gaitzesteko, besteak beste, udalek deitutako mobilizazioetan parte hartzea, agiriak zabaltzea, ekitaldi publikoak bertan behera uztea edo Foru Aldundiak puntu lilak eraikinaren aurrean jartzea proposatzen du testuak.

Gaurko aurkezpen ekitaldian Azpeitia, Berastegi, Irura, Legazpi, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zarautz eta Zumarragako alkateak izateaz gain, Gasteizko eta Iruñeko udaletako ordezkariak ere izan dira, beren hirietan erakundeek indarkeria matxista kasuei erantzuna emateko dauzkaten planak ezagutarazteko.

__________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Gipuzkoa Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea