Gizartea -
EGUTEGI SOLIDARIOA
Down sindromea duten 30 gazte eta Ertzaintza, elkarrekin egutegi solidario batean
Lan horri esker, Ertzaintzari bigarren urtez jarraian Davis Wagman saria eman diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak eta Down Araba Isabel Orbe elkarteak Gabonetan salduko duten egutegi solidarioa aurkeztu dute, Down sindromea duten 30 gaztek eta 20 ertzainek elkarrekin egindakoa.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Iosu Izuskitza Down Araba elkartearen zuzendaria eta Txema Delgado Ertzaintzako Idazkaritza Nagusiko Prestakuntza eta Baliabideak Ataleko burua ekimenean parte hartu duten gazteekin batera egon dira egutegia aurkezteko ekitaldian.
Izuskitzak eskertu egin du Ertzaintzak proiektu solidario horrekin izan duen kolaborazioa. Aurreko urteetan, Baskonia eta Gasteizko Gaztedi Rugby Taldea aritu dira elkartearekin elkarlanean. Zuzendariak dioenez, “batzuetan oraindik estereotipoz markatuta dauden pertsonak agerian jartzen laguntzen du, izan ere, estereotipo horiek ez diete ahalik eta bizitzarik normalena izaten uzten”.
Beraz, egutegiaren helburua jendeak gazte horiek “gauzak egin ditzaketela ikustea da, beharbada beste modu batera, batzuetan motelago, baina horietaz askoz gehiago gozatuz”, gaineratu du. Bestalde, Beltran de Herediak proiektu hori goraipatu du, “gizartearen aurrean segurtasuna guztion kontua dela eta erantzukizuna behar guztietara egokitutako segurtasuna eskaintzea dela” erakusten baitu.
Delgadok azpimarratu du ekimen hori orain dela 4 urte Ertzaintzak Down Arabarekin duen kolaborazioaren parte dela, elkartekideekin segurtasunaren hainbat alderi buruz lan egiteko “eta horrela horien bizitzetan segurtasun eta autonomia handiagoa izaten laguntzeko”.
Lan horri esker, Davis Wagman saria eman diote Ertzaintzari bigarren urtez jarraian, Ertzaintzaren eta gizarte anitzaren artean harreman handiagoa eta hobea lortzeko eta, horrela, segurtasunaren arloan dituzten premiak hobeto ezagutzeko eta diskriminazioari aurre egin eta gorroto-delituen aurka borrokatze aldera estrategia bateratuak garatzeko egindako lanagatik.