Gizartea -
HEZKUNTZA
EAEko ikasleen irakurmen gaitasuna, Estatuko batezbestekotik behera
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak emaitza 'txarrak' direla onartu ostean, gauza jakina zela azpimarratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen irakurmen gaitasuna Estatuko ikasleen batezbestekotik behera dago. Irakurmen gaitasuna aztertzen duen PIRLS txostenaren emaitzak ezagutarazi dituzte gaur eta EAEk lorturiko emaitzak ez dira onak. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak onartu duenez, datuak "txarrak" dira, baina esperotakoak. Hori dela eta, iaztik irakurmena hobetzeko hainbat plan martxan daudela nabarmendu du. Sailburuaren arabera, bost edota hamar urteren buruan ikusiko dira emaitzak.
Espainiako ikasleen batezbesteko irakurmen gaitasuna 528 puntukoa da, EAEn, ostera, 517 puntukoa.
PIRLS txostenaren emaitzen berri izan ondoren Cristina Uriartek adierazi duenez, datuak "txarrak" dira, baina aurreikusi zitezkeen azken emaitzak ikusita.
Uriarteren hitzetan, irakurmena eta beste gaitasun batzuk hobetzeko neurriak hartu ditu Hezkuntza Sailak eta horren erakusle hainbat ikastetxetan irakurketa bultzatzeko martxan jarritako planak aipatu ditu.