Gizartea -
ARRETA PEDIATRIKOA
Euskadiko haurren % 12 familia medikuek artatzen dituzte
Eusko Jaurlaritzeko Osasun Sailaren arabera, ez dago pediatra gabeziarik, eta mediku horiek lehen arreta zerbitzuko lan pediatrikoa egiteko prest daudela defendatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du uste pediatra gabeziarik dagoenik Euskadin, gaur egun 34.124 haur (% 12) familia medikuek zaintzen dituztela onartu arren.
Abenduaren 4an PPk egindako galdera bati erantzunez, Jon Darpon Osasun sailburuak esan du pediatra kopurua ez dela 2010etik aldatu, "baina jaiotza-tasa asko jaitsi da" tarte horretan, horren arabera.
Ildo honetan, Estatuko beste erkidegoekin alderatuz gero, hemengo egoera "hobea" dela nabarmendu du. "Arreta pediatrikoa bermatuta dago Osakidetzako osasun zentro guztietan, bai pediatren bidez baita lehen arreta zerbitzuan lan pediatrikoa egiteko gaitasuna duten familia medikuen bidez", adierazi du.
Euskadin 14 urtez azpiko 284.281 haur daude. Horietatik 250.157k (% 88) pediatra dute eta 34.124k (% 12) mediku familiaren arreta jasotzen dute.
Pediatria zerbitzua, "urte sasoiaren arabera", familia medikuek ematen dute zentro hauetan: Algorta, Amorebieta-Etxano, Aranbizkarra II, Arrasate, Astrabudua, Billabona, Bolueta, Gasteizko Alde Zaharra, Deba, Deustu, Durango, Eibar, Errenteria-Iztieta, Gazalbide, Txagorritxu, Gros, Irun-Erdialdea, La Peña-Ibaialde, Lakuabizkarra, Leioa, Lekeitio, Mina del Morro, Miribilla, Mungia, Olarizu, Otxarkoaga, Errekalde, Arabar Errioxa, Salburua, San Martin, Santurtzi, Kabiezes, Txurdinaga, Zabalgana, Zaramaga, Zumaia, Zestoa, Getaria, Aizarnazabal eta Zumarraga.