Gizartea -
Larunbat honetan, Iruñean
LABek, ELAk eta STEILASek euskararen aldeko manifestazioarekin bat egin dute
Era berean, Bilgune Feministak eta SOS Arrazakeriak larunbat honetako mobilizazioa babestu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Kontseiluak euskararen alde manifestazioa deitu zuen larunbat honetarako, Iruñean. LAB, ELA eta STEILAS sindikatuetako ordezkariek deialdiarekin bat egin dute gaur. Era berean, Bilgune Feministak eta SOS Arrazakeriak protesta babestu dute.
Maria Balda ELAko ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duenez, sindikatuak mobilizazioarekin bat egitea erabaki du, Nafarroan hizkuntza eskubideei dagokionean, “pertsona batzuk normaltasun osoan bizi direlako, beste batzuk, ostera, salbuespen batean”.
Bestalde, Nora Salbotx LABeko ordezkariak salatu duenez, Hezkuntzan bi zerrenda ezartzeko PSNren proposamenak “UPNk inposatutako neurria berreskuratzea” suposatuko luke.
Raul Lopez STEILAS sindikatuko ordezkariak Ezkerraren jarrera kritikatu du: “Nafarroa osoan D eredua ezartzea babestu zuten berberek orain hizkuntza integrazioa ukatzea kontraesana da”.
Paul Bilbao Kontseiluako idazkari nagusiaren hitzetan, gai honetan “hizkuntza normalizazioaz bakarrik ez gara ari, justiziaz, kohesioaz eta langileen eskubideez hitz egiten ari gara”.
Nafarroako gehiengo sindikalak manifestazioa babestea “oso atsegina” dela onartu du Bilbaok. Bi zerrendekin “pertsona elebiduna zigortzen” dela gaineratu du.