Gizartea -

Indarkeria matxista

Tratu txarren biktimentzako aplikazio bat garatzen ari da Ertzaintza

'Bortxa' delako telefonoak ordezkatu nahi dituzte, 'modu ez hain deigarrian' biktimak babestu ahal izateko.

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat. EFE
Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat. EFE
'Bortxa' telefonoak ordezkatzeko aplikazio bat ari da garatzen Ertzaintza

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistaren biktimak hobeto eta "modu ez hain deigarrian" babesteko sakelako telefonoetarako aplikazio bat (app) garatzen ari da Ertzaintza. Helburua gaur egun erabiltzen diren 'bortxa' telefonoak ordezkatzea da.

Hala iragarri du gaur Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Julen Arzuaga EH Bilduko kideak Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan egin dion galdera bati erantzunez. Arzuagak biktima batzuei jartzen dizkieten eskumuturreko telematikoen "gabeziez" itaundu dio sailburuari.

Koalizio abertzaleko kidearen hitzetan, eskumuturrekook maiz egiten dute kale, emakumeak arriskuan jarriz. Askok esan omen dutenez, euren bikotekide edo bikotekide ohien kontrako salaketa jartzeaz "damutu" dira, babes sistema horrek funtzionatzen ez duelako.

Sailburuak gogorarazi duenez, Espainiako Justizia Ministerioaren eskuduntza dira eskumuturrekoak, eta enpresa batek du zerbitzua esleituta. Dena dela, aurreratu du Jaurlaritzak eskaera egin diola Espainiari "garapen teknologiko berriak" aztertzeko.

Biktimak babesteko gaur egungo neurriak

Tratu txarrak eta mehatxuak jasaten dituzten emakumeak babesteko Ertzaintzak dituen sistemak aletu ditu Beltran de Herediak bere agerraldian. EAEn 57 emakumek dute bizkartzaina, eta 74ri kontrazaintza zerbitzua ezarri diete.

Horrez gain, 942 biktimek 'bortxa' telefonoa dute, arrisku kasuetan laguntza "berehala" jasotzeko. Hain justu, emakumeak "modu ez hain deigarrian" babesteko biktimaren sakelakoan jar daitekeen aplikazioa garatzen ari direla iragarri du sailburuak.

Datu gehiago ere eman ditu Beltran de Herediak. Zehaztu duenez, indarkeria matxistagatik 4.912 espediente ditu abian Ertzaintzak: 4.553 emakumeri eta 1.097 gizoni (gehienak adingabeak) eragiten dienak.

-----------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Tratu txarrak Gizartea Indarkeria matxista Gaurko azken orduko albistea Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako telefonoa