Gizartea -
Genero indarkeria
Kongresuak indarkeria matxistaren kontrako ituna onartu du
Dena dela, talde guztien adostasunik gabe izan da. Podemosek akordio hori aurrerapausotzat hartu duen arren, arazoarekin amaitzeko ez dela nahikoa ziurtatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Ostiral honetan indarkeria matxistaren aurkako Estatu Ituna onartu du Espainiako Kongresuak, baina bertan ordezkatuta dauden talde guztien adostasunik gabe. Izan ere, Podemosek akordio hori aurrerapausotzat hartu duen arren, "gizartean errotuta dagoen arazoarekin" amaitzeko ez dela nahikoa uste du.
Dena dela, Senatuan egindako bozketan Podemos itun horren alde agertu da, testuari aurkeztu zizkion lau zuzenketak atzera bota dituzten arren. Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko 1.000 milioi euroko inbertsioak hitzartu dituzte datozen bost urteotarako, eta Kongresuko taldeek adostutako 265 neurriak aho batez onartu dituzte.
Kongresuan egindako eztabaida saioan talde guztiak pozik agertu dira lortutako akordioarekin, eta ituna onartzeko egindako lana nabarmendu dute. Ildo horretatik, beste gai batzuetan egiten dituzten bileretarako “adibide” gisa jarri dute iton hori alderdi politiko batzuek.
Arratsaldean egindako bozketan, taldeek hainbat aldaketa onartu dituzte: berdintasuna bermatzeko ardura duten erakundeak indartzea, prokuradorearen izendapena abokatuarena egiten den une berean egiten dela ziurtatzea, itunean agertzen zen “desgaitasun” hitzaren ordez “aniztasun funtzionala” terminoa agertzea, edota indarkeria ekonomikoaren kontra legeak onartzea.
Bestalde, arratsaldean egindako beste proposamen batzuk atzera bota dituzte: aldi berean lekukoak eta biktimak diren pertsonen kasuan haien bikotekidearen kontra deklaratu behar izatekotan legea aldatzeko ekimena, inposatutako zaintza partekatua aztertzeko talde baten sorrera edota alokairuko sabelak beste indarkeria mota bat dela jasotzea.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.