Gizartea -
ISTRIPUAK
Hiru pertsona larri zauritu dira Tuteran eta Sorauenen izandako bi istriputan
Tuterako kasuan, 64 urte ditu zaurituak eta hiru aldiz gainditu du onartutako alkohol maila. Bestalde, 25 urteko gazte etxarriarra auzipetu dute alkohol tasa hirukoiztuz gidatzeagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Larunbat honetan hiru pertsona larri zauritu dira Nafarroan, bi auto istriputan.
Batetik, goizean, Fiteroko 64 urteko gizon bat larri zauritu da auto-istripua izanda. Foruzaingoak jakitera eman duenez, baimendua baino hiru aldiz alkohol tasa handiagoa eman du frogetan.
Goizeko 07:00ak aldera gertatu da istripua NA160 errepideko 5. kilometroan, Tutera parean. Zauritua Tuterako Reina Sofia Hospitalera eraman dute lehenbizi baina handik Iruñeko Nafarroa Ospitalera eraman dute gero.
Ordu berean, Etxarri-Aranatzeko 25 urteko gazte bat inputatu du Poliziak baimendutakoa baino hiru aldiz alkohol tasa handiagoarekin gidatzeagatik. Antza, gaztea NA120 Lizarra-Beasain errepidean zihoan, modu irregularrean gidatuz, eta norbaitek abisua eman dio Foruzaingoari eta hauek geldiarazi egin dute.
Arratsaldean, berriz, bi pertsona larri zauritu dira euren autoek aurrez aurre talka eginda Sorauenen.
16:00ak aldera jaso du abisua SOS Navarrak. Na121A errepidean, 8,5. kilometro parean izan da ezbeharra, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik.
Zirkulazioa desbideratu egin behar izan dute denbora luzez.