Gizartea -
emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekide ohia mehatxatu eta jo duelakoan
Antza, emakumea jo, kotxetik bota eta lurrean erdi korderik gabe bakarrik utzi du gizonak. Udaltzainek emakumeen aurkako indarkeria delitua egotzita atxilotu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Udaltzainek 27 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekide ohia mehatxatu eta jo duelakoan. Antza, gizonak emakumea jipoitu, kotxetik bota eta Armentiaganako ibilgailuentzako garbitegi batean lurrean erdi korderik gabe bakarrik utzi du.
Erasoa igandean gertatu zen 20:30 aldera. Ordu horretan, pertsona batek 092 telefono zenbakira deitu zuen emakume bat erdi korderik gabe lurrean etzana zegoela esateko, Udaltzaingoak astearte honetan jakinarazi duenez.
Udaltzaingoaren kideak bertaratu dira Armentiaganara eta emakumearekin hitz egin ostean, bikotekide ohiarekin haren ibilgailuaren barruan eztabaida izan eta mehatxatu eta jo zuela esan zien. Ondoren, kotxetik bota eta lurrean bakarrik utzi zuen.
Biktimaren laguntzarekin, udaltzainek ustezko erasotzailea aurkitu dute, eta bere adierazpenak entzun eta gero, emakumeen aurkako indarkeria delitua egotzita atxilotu dute.
Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo bikotekide ohiari eraso egin zuelakoan eta emakumearenganako urruntze-agindua urratu baitzuen. Ertzaintzak gizona atxilotu zuen aurreko egunean antzeko delitu batengatik.
Erasoa 10:30 aldera gertatu zen Gasteizko erdialdean. Zerbitzutik kanpo agente batek gizona ikusi zuen bikotekide ohia jipoitzen eta udaltzainen laguntza eskatu zuen. Gizona atxilotu dute emakumeen aurkako indarkeria delitua eta kondena urratzea leporatuta.
---------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.