Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Ehunka lagun elkartu dira Barakaldon, adingabe batek jasandako sexu-erasoa salatzeko

Ostiral gauean lau gizonek sexu-erasoa egin ziotela salatu zuen adin txikiko neska batek. Antza, adin txikikok dira erasotzaileak ere. Ertzaintzak ez du oraingoz inor atxilotu.

Elkarretaratzea Herriko Plazan egin dute. Argazkia: EiTB
Elkarretaratzea Herriko Plazan egin dute. Argazkia: EiTB
Elkarretaratzea Herriko Plazan egin dute. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagunek parte hartu dute gaur eguerdian Barakaldon, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak deitutako kontzentrazioan, adin txikiko batek salatutako sexu-erasoagatik protesta egiteko. Erasoa Carmengo trasteleku batean jazo zen, ostiral gauean.

"Erasorik ez erantzunik gabe" pankartaren atzean bildu dira Barakaldoko herritarrak Herriko Plazan, Amaia del Campo alkatea ere bertan zelarik.

Argitanetik azaldu dutenez, emakumeek jasaten duten indarkeria egoera "gizarte honetan bizi duten diskriminazio eta menpeko paperaren ondorio da", eta horregatik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren bidean lan gehiago egiteko deia egin dute "hezkuntzatik hasi eta emakumeen autonomia osora arte, bai lanean baita arlo pertsonalean ere".

"Borondate politiko eta instituzionala behar da haurrak eta gazteak hezteko garaian, horrelako gauzak berriro ere gerta ez daitezen" gaineratu dute.

Ikerketa

Ertzaintzak zabalik dauka ikerketa baina ez da oraindik atxiloketarik izan.

Erasoaren biktima izandako neskak Udaltzaingoari deitu zion ostiral gauean, eta bi udaltzainak bertaratu zirenean, "lur jota" aurkitu zuten. Sexu-erasoa jasan zuela jakinarazi zien adingabeak, eta ustezko erasotzaileak adin txikiko lau gazte zirela esan zuen.

Neska ospitalera eraman zuten, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen jazoeraren nondik norakoak argitzeko.

Alkatearen gaitzespena

"Erasotzaileak atxilotuak izatea eta Legeak behar bezala zigortzea" espero du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Radio Euskadin eskainitako elkarrizketaren arabera. Del Campok bere "sumina eta gaitzespen osoa" erakutsi du adingabe batek salatutako sexu-erasoagatik. Dena dela, "zuhurtziaz aritzeko" eskatu du, dirudienez, ustezko erasotzaileak ere adin txikikoak direlako.

"Horrelako jarrera sexistak eta matxistak izaten direnean, egiteko asko geratzen zaigula ematen du, Barakaldon berdintasunaren alde lan handia egiten ari garen arren", gaineratu du alkateak.

Gauzak horrela, herritarrak deitu ditu datorren asteartean 18:00etan Barakaldoko Herriko Plazan izango den elkarretaratzearekin bat egitera, "argi eta garbi adierazteko horrelako jarrerak ez ditugula gure udalerrian onartuko".

----------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Ertzaintza Indarkeria matxista Espainian Barakaldo Delituak argazkiak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako telefonoa