Gizartea -

ASTURIAS

Hiltzat jo zuten preso batek konortea berreskuratu du, autopsia egiteko zain zegoela

Espetxeko medikuak eta bertaratutako auzitegi medikuak ere hiltzat jo zuten. Hala ere, autopsia egiteko Institutu Anatomiko Forentsera eraman zutenean zurrunga egiten zuela ohartu ziren.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiltzat jo zuten Asturiasko espetxe bateko preso batek konortea berreskuratu zuen atzo Institutu Anatomiko Forentsean, autopsia egiteko zain zegoela.

Atzo goizeko zortzietako presoen kontaketan konorterik gabe aurkitu zuten, ziega barruan, ikerketaren gertuko iturriek jakinarazi dutenez. Kartzelan zeuden medikuek eta bertaratu zen auzitegi medikuak ere hiltzat jo zuten.

Horren berri izandakoan, guardiako epaileak gorpua altxatzeko eta Institutu Anatomiko Forentsera eramateko agindu zuen, autopsia egin ziezaioten.

Goizeko azken orduan, alabaina, gizona zurrunga egiten eta mugitzen ari zela ohartu ziren funtzionarioak, eta medikuei deitu zieten berehala.

Medikuen esanetan, katalepsia kasu bat izan daiteke. Bien bitartean, gizona Asturiasko Unibertsitate Ospitalean dago, behaketa gelan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste bitxiak Espainia argazkiak Presoak albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Medikuak Espetxeen azken ordukoa Asturias albisteak