Gizartea -
BORROKA
Gizon bat atxilotu dute Muskizen, beste bati Santurtzin labanaz erasotzea leporatuta
Erasoa Urteberri egunean gertatu zen Santurtziko Itsasalde kalean. 21 urteko gizonak zauriak zituen toraxean eta bizkarrean, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten.
O.A. | EITB.EUS
Ertzaintzak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igandean Muskizen, Urteberri egunean 21 urteko beste gizon bati Santurtzin labanaz eraso egin ziolakoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, 21 urteko gizonak zauriak zituen toraxean eta bizkarrean, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten.
Erasoa urtarrilaren 1ean gertatu zen, Santurtziko Itsasalde kalean. 10:40 aldera, larrialdi zerbitzuetan abisua jaso zuten anbulantzia bat eskatuz, bularraldean eta bizkarrean zauriak zituen gizonezko bat artatzeko.
Antza denez, borroka bat gertatu zen, eta, ondorioz, arma zuriz egindako hainbat zauritu zituen 21 urteko gizonezkoak.
Bertara joan ziren osasun langileek zauritua egonkortu ostean, Gurutzetako Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatera eraman zuten anbulantzian.
Bestalde, Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen gertaturikoa argitzeko. Agenteek borrokan parte hartu zutenak edota horren lekuko izan zirenak identifikatu eta galdekatu zituzten. Azkenik, igandean atxilotu zuten ustezko erasotzailea, eta gaur igaroko da epailearen aurretik.