Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Emakume bat bortxatu eta bortizki jipoitu dute Bartzelonan
Antza, biktimak oihuka laguntza eskatu zuen arren, inguruan zeuden hainbat lekukok alde egin zuten, lagundu gabe. Esquadra Mossoek ikerketa hasi dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
42 urteko emakume bat bortxatu eta bortizki jipoitu zuen gizonezko batek abenduaren 28an Sant Andreu de Llavaneres (Bartzelona) herrian, Esquadra Mossoek jakitera eman dutenez.
Tren-geltokiaren eta portuaren artean izan zen erasoa, eta Kataluniako Poliziak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko.
La Vanguardia egunkariak bere edizio digitalean argitaratu duenez, erasoa izan zenean, biktimak oihuka laguntza eskatu arren, inguruan zeuden hiru lekukok alde egin zuten, lagundu gabe. Lekuko horien bila ere ari dira Esquadra Mossoak.
Lehen ikerketen arabera, erasotzaileak emakumea bortxatu eta bortizki kolpatu zuen, aurpegia desitxuratzeraino. Ondoren, inguruan dagoen kai-muturreko haitz artera bota zuen.
Erasotzaileak alde egin zuenean, biktimak tren-geltokira iristea lortu zuen, eta bertako langileek ospitalera eraman zuten.
Geltokiko langileak eta egun horretan bertan zeuden bidaiariak galdekatu ditu Poliziak, erasotzailearen inguruko datuen bila.