Gizartea -
Abenduaren 30etik desagertuta
Beltran de Heredia: 'Litekeena da Jon Barcenaren gorpua Urrunagako urtegian egotea'
Segurtasun sailburuak, baina, nabarmendu du "itxaropena" dagoela oraindik, gaztearen gorpua agertu arte.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak esan duenez, "tamalez, aukera handia dago Jon Barcenaren gorpua Urrunagako urtegian egoteko". Abenduaren 30ean desagertu zen 19 urteko gaztea; sailburuak, baina, nabarmendu du "itxaropena" dagoela oraindik, gorpua agertu arte.
Arabako Teknologia Parkean egin ditu Beltran de Herediak adierazpen horiek, Zibersegurtasunaren Euskal Zentroaren aurkezpenean. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituren sailburua ere bertan izan da.
Berrizko 19 urteko mendizale gaztearen motxila, diru-zorroa, jantzi batzuk eta botak Urrunagako urtegitik oso gertu topatu zituzten, aurreko astean.
Segurtasun sailburuak esan duenez, "agertu arte, beti egongo da itxaropena, baina, zoritxarrez, zantzuak ikusita, aukera handia dago urtegian murgilduta egoteko".
Jose Maria Iurrebasok, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren burua bera, adierazi du ikerketaren bi ildoekin jarraitzen dutela: alde batetik, polizia-ikerketarekin, gaztea oraindik bizirik dagoen ala ez argitzeko; eta, beste alde batetik, gorpua urtegian bilatzen ari dira.
Desagerpenaren xehetasunekin ez du espekulatu nahi izan
Sailburuak errefusatu du "espekulaziorik egitea" gaztearen desagerpenaren xehetasunekin; hala erantzun du, kazetariek galdetu diotenean ea Jon Barcenaren buru-egoera, desagertu zenean, guztiz ona zen ala ez.
"Ez dugu Jon topatu, eta are gutxiago jakin genezake nola desagertu zen. Nik ez dut horrekin espekulaziorik egingo, ez dut ezer guztiz baieztatzerik ezta ezeztatzerik ere", esan du.
Beltran de Herediak azpimarratu du Jon Barcena desagertutako pertsona dela, eta, hortaz, Ertzaintzaren helburua "topatzea" dela.
Gaztearen mugikorra aurkitu duten ala ez, halaber, ez du argitu; izan ere, Beltran de Herediak adierazi du kontu hori "garrantzitsua dela", ikerketaren barnean.
Gorbeian desagertu zen, abenduaren 30ean
Abenduaren 30ean, Barcena lagunekin zebilen Gorbeian; ondoezik sentitu zen, eta atzera egin zuen, lagunek aurrera jarraitzea erabaki zutela. Besteak bueltatzean, ikusi zuten gaztea ez zegoela, eta, hortaz, abisua eman zuten.
Bilaketa-lanak, hasiera batean, mendian egin zituzten, Araba eta Bizkaiaren artean, 600 lagunekin. Gerora, Urrunagako urtegira eraman zuten bilaketa, Legutiora; izan ere, bertan topatu zituzten gaztearen giltzak eta diru-zorroa. Biharamunean, desagertuaren hainbat jantzi aurkitu zituzten, mendi-botak besteak beste, bai eta motxila ere.