Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Emazteari sukaldeko labana sartzeagatik atxilotu dute, Sestaon

Emakumea ospitalera eraman behar izan dute besoan zenbait zentimetrotako ebakia zuelako. Bestalde, Bilbon beste gizonezko bat atxilotu dute bikotekide ohiari herio-mehatxuak egiteagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 44 urteko gizon bat atxilotu du Sestaon (Bizkaia) sukaldeko laban batekin emazteari eraso egitea leporatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Emakumea ospitalera eraman behar izan dute besaurrean zenbait zentimetroko ebakia zuelako.

Goizeko zazpiak aldera, Ertzaintzak emakumearen abisua jaso du, bikotekideak eraso egin diola salatuz.

Ertzaintzak emakumea ikusi duenean besoa eskuoihal batekin zuen tapatuta. Zer gertatu den galdetuta, bikotekide ohiaren eraso baten biktima izan dela azaldu die agenteei.

Gero, emakumeak besoa erakutsi die ertzainei, ustez bikotekideak egindako ebakia ikus zezaten. Gainera, gizonak ustez erabili duen labana handia ere erakutsi die. Biktimak azaldu duenez, labanaz eraso egin aurretik, gizonak lepotik heldu du eta lurrera bota du indar handiz.

Agenteek biktima ospitalera bidali dute eta 44 urteko ustezko erasotzailea atxilotu dute emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzita.

Herio-mehatxuak, Bilbon

Ertzaintzak 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo bikotekide ohiari herio-mehatxuak egitea leporatuta eta etxetik ateratzen den bakoitzean jazarpena egiteagatik, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Ertzainak emakumearen etxebizitzara sartu direnean, biktimak haxix harri bat eman die eta erasotzaileak alokairuan duen garaje baten berri eman die. Bertan, Ertzaintzak droga aurkitu du.

Atxilotuari emakumeen kontrako indarkeria delitua eta droga-trafikoa leporatzen diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea