Gizartea -
indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Donostian, sexu-erasoa egotzita
Taberna baten barruan izan da erasoa, gaur goizaldean. Segurtasun Sailaren arabera, gizona emakumearekin hitz egiten ahalegindu da, baina harek ezezkoa eman dionean, ukituak egin dizkio.
agentziak | erredakzioa
40 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, gaur goizean, Donostian, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, biktima Donostiako Alde Zaharreko taberna batean zegoen, ustezko erasotzailea hurbildu zaionean. Gizona emakumearekin hitz egiten ahalegindu da, baina harek ezezkoa eman dionean, ukituak egin dizkio.
Ondoren, biktima eta haren lagun bat tabernatik kanpora atera dira, eta inguruan zebiltzan udaltzain batzuei jakinarazi diete gertatutakoa.
Udaltzaingoak Ertzaintza jakinaren gainean jarri ondoren, ustezko erasotzailea Boulevardean aurkitu dute, eta polizia-etxera eraman dute deklarazioa hartzera. Behin hori eginda, atxilotu egin dute, sexu-askatasunaren kontrako delitua leporatuta.
Ondorengo orduotan eramango dute epailearen aurrera.
Alkatearen gaitzespena
Eneko Goia Donostiako alkateak "irmoki" gaitzetsi du sexu-erasoa. "Mota honetako erasoak gure hirian tokiz kanpo daude", adierazi du Goiak.
Alkateak deitoratu egin du "berriz ere festa aitzaki bezala erabili nahi izan duela norbaitek emakumezko bati modu onartezinean eraso egiteko". Hala, "guztien konpromisoa" eskatu du, erakunde zein herritarrena. "Lanean jarrai dezagun eraso bakar bat gehiago gertatu ez dadin", gehitu du.
Goiak Bozeramaileen Batzordea deitu du astelehenerako, azken sexu- eraso honen aurreko neurriak hartu ditzan.