Gizartea -
Zigorra
Barakaldo eta Iruñeko lokal bana salatu dituzte gehienezko edukiera hirukoizteagatik
Iruñeko Alde Zaharrean dagoen lokal bati eta Barakaldoko Aldapa kalean dagoen diskoteka bati zabaldu diete espedientea.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko (Nafarroa) eta Barakaldoko (Bizkaia) Udaltzaingoak bi lokalen kontrako salaketa jarri dute asteburuan gehienezko edukiera hirukoizteagatik.
Nafarroako hiriburuaren kasuan, Alde Zaharreko lokal baten jabea salatu dute. Ikuskatzea egin zen unean 195 pertsona zeuden barruan, gehienezko edukiera 65 dela. Hala, baimendutakoa halako hiru zegoen lokalean.
Barakaldon, Melao diskotekaren jabeak dira salatutakoak. Aldapa kalean dagoen diskotekak 115 lagunentzako lekua du, gehienez jota. Bada ikuskatzea egin zen unean 372 pertsona zeuden, denak adingabeak. Horrez gain, 28k 14 urte baino gutxiago zituzten, eta horiek ez dute baimenik horrelako lokaletan sartzeko.
Barakaldoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, diskotekak sare sozialen bidez eskaintzen zituen diskotekara joateko sarrerak, baina baimendutakoak baino gehiago zirela ohartu zen Udaltzaingoa. Hala, agenteek ikuskatzea egin eta arau-haustea atzeman zuten.