Gizartea -
Agurra
Senideek eta lagunek azken agurra emango diote ostiralean Jon Barcenari
Agurra herriko frontoian egingo diote, 19:00etan.
Agentziak | Erredakzioa
Senideek eta lagunek azken agurra emango diote Jon Barcena Amezuari Berrizko frontoian ostiralean, otsailaren 2an, Urrunagako urtegitik gertu atzo (igandea) haren gorpua aurkitu ostean.
Gorka Camara familiako bozeramailearen hitzetan, agurra 19:00etan egingo diote, herriko frontoian. "Ez da Jonek merezi duen agurra izango, baina agur esaten saiatuko gara", esan du.
Bestalde, Miren Barcenak, Jonen arrebak, sare sozialetan zabaldu duenez, "beldurra, zalantzak eta abar bukatu dira; dena bukatu da". "Inoiz bukatuko ez dena da zurekin bizi izandako momentu zoragarri guztiak. Ez zaitugu inoiz ahaztuko", idatzi du Mirenek.
Gaur egingo diote autopsia Jon Barcenaren gorpuari. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Jon Barcenaren gorpuak ez du indarkeria arrastorik, lehen zantzuen arabera, eta autopsiak argituko du haren heriotza zerk eragin duen.
Abenduaren 30etik desagertuta zegoen gaztea atzo goizean topatu zuten Urrunaga urtegi ondoan, Legution. Berrizko gaztea aurkitzeko bilaketa-lanak egiten ari ziren senideek eta lagunek topatu zuten, 09:00ak aldera.