Gizartea -

Txostena

Delinkuentziak % 0,78 egin du gora EAEn 2017an; homizidio gutxiago izan dira

Indarkeriarekin egindako lapurretek ere behera egin dute. Ertzaintzak 81.971 arau-hauste ikertu ditu 2017an; 1.000 biztanleko delituen tasa 37,36koa da.

Ertzaintzaren operazio bat, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Ertzaintzaren operazio bat, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Ertzaintzaren operazio bat, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Delinkuentziak % 0,78 egin du gora Euskadin 2017an, baina homizidio gutxiago izan dira, eta, horrez gain, indarkeria erabiliz egindako lapurretek eta etxebizitzetan indarra erabiliz egindako lapurretek behera egin dute. Egindakoek, aldiz, "gizartean alarma handiagoa" sortu dute, larriak izan baitira.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak agiri baten bidez jakitera eman duenez, aldaketa txikia izan da iaz, delitu-tasari dagokionez, 2016ko datuekin alderatuta; Ertzaintzak 81.971 arau-hauste penal ikertu ditu, hau da, aurreko urtean baino % 0,78 gehiago (2016an 81.355 izan ziren). 1.000 biztanleko delituen tasa, ondorioz, 37,36an kokatu da; 2016an, aldiz, 37,15ekoa izan zen.

Gainera, lesio-delituek ere gora egin dute, bai eta sexu-askatasunaren aurkakoek ere; azken horiek % 26,89 igo dira. Gehienak, sexu-ukituengatik, exhibizionismoagatik eta sexu-probokazioagatik izan dira.

Arau-hauste estrategikoek behera egin dute

Arau-hausteen motari dagokionez, Europar Batasunaren iritziz “estrategikoak” diren ia guztiek behera egin dute; horiek dira homizidioak, etxebizitzetan indarra erabiliz egindako lapurretak, indarkeria erabiliz egindako lapurretak eta ibilgailuen lapurretak. Droga-trafikoarekin lotutakoek, aldiz, gora egin dute. Ara-hausteen ustezko egileak direlakoan epaileen esku jarritako pertsonen kopuruak ere egin du gora, % 3,58.

Lau homizidio izan dira; 2016an, berriz, sei (% 33,33 jaitsi da). Guztietan izan da arrakastatsua ikerketa. Etxebizitzetan indarkeria erabiliz egindako lapurretak 4.056 izan dira, % 1,31 gutxiago; indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurretek % 10,68  egin dute behera (1.757, 2017an; 1.967, 2016an); eta motorra duten ibilgailuen lapurretek ere egin dute behera, 958tik 860ra (% 10,23 jaitsi da). Droga-trafikoarekin lotutako delituek pixka bat egin dute gora: 281 izan dira 2017an, eta 276 izan ziren aurreko urtean (% 1,81 hazi da).

Arau-hausteen mota kontuan izanik, lesio-delituen kopuruak gora egin du; izan ere, 2017an 4.468 izan dira, eta 2016an, aldiz, 4.131 (8,16 puntu igo da). Familia-eremuan eragindako lesioak eta osotasunaren aurkako delituak ere igo dira: 725etik, 1.120ra (54,48 puntu). Indarkeria fisikorik gabeko tratu txarrek, aldiz, behera egin dute, % 10,01 (2016ko 3.078etatik, 2017ko 2.770etara).

Sexu-askatasunaren aurkako arau-hausteek nabarmen egin zuten gora, % 26,89 (357tik 453era; kasu gehienetan, sexu-ukituak, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa izan dira.

Ondarearen kontrako 61.593 delitu izan dira iaz, % 0,32 jaitsi da kopuru hori. Beherakada arlo guztietan jaso da: ebasketek % 3,95 egin dute behera; indarkeriaz egindako lapurretek, % 4,82; etxebizitzetan egindakoek, % 1.31; lapurretek, % 10,68; eta ibilgailuen lapurretek, % 10,23. Iruzurrek bakarrik egin dute gora, bereziki Interneten bidez, aurreko urteotako ildoari jarraituz (% 18,38 hazi dira). Ondarearen aurkako delituak ikertutako arau-hausteen % 75 dira.

Segurtasun kolektiboaren aurkako arau-hausteak pixka bat igo dira (% 1,59); batez ere, droga-trafikoan izan zen nabarmena gorakada hori (% 1,81).

Delitu-tasan ez da aldaketa handirik izan 2017an, baina erruztatzeek, aldiz, gora egin dute. Arau-hausteetan ustez nahasita daudelakoan Ertzaintzak epaileen esku jarritako lagunen kopuruak % 3,58 egin du gora (26.995 izan dira; 2016an, 26.029).

Lurraldekako banaketa, orekatua

Lurralde historikoak banan-banan aztertuta, delinkuentziaren banaketa nahiko orekatua izan zen: Araban % 1,70 egin du gora (11.839 arau-hauste izan dira, eta 2016an 11.554 izan ziren), Bizkaian 0,49 puntu hazi da (48.213tik, 48.451ra), eta Gipuzkoan, aldiz, % 0,52 igo da (21.681 kasu 2017an, eta 21.568 2016an).

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak laster egingo du agerraldia Eusko Legebiltzarrean, 2017ko delinkuentziaren gaineko txostenaren berri ematea xede. Txosten horretako datuez gain, Ertzaintzaren eta tokiko Poliziek jasotako datuez hitz egingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Tratu txarrak gaur Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak argazkiak Albisteak