Gizartea -
Astelehenean gertatu zen
Nafarroako Kazetarien Elkargoak eta Elkarteak Iturengo erasoak salatu dituzte
ETBko, NavTVko eta idatzizko hainbat komunikabidetako profesional batzuek erasoak, irainak eta mehatxuak jasan zituzten Inauterietan, lanean ari zirela.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Kazetarien Elkargoak eta Kazetarien Elkarteak Iturenen komunikabide batzuetako hainbat langilek jasandako erasoak, irainak eta mehatxuak salatu dituzte asteazken honetan. Aipatutako erasoak, irainak eta mehatxuak herri horretako Inauterietako informazioarekin lanean ari zirela pairatu zituzten.
Idazkian, hain zuzen ere, ETBko, NavTVko eta idatzizko hainbat komunikabidetako profesional batzuek bizi izandako egoerei egiten diete aipamena. Langile horiei "erabateko elkartasuna eta babesa" agertzen dizkie: "Mozorroen atzean ezkutatuta, pertsona batzuek eraso zieten; horiek ez dira Iturengo ordezkari, herria errespetu eta begirune osoa merezi du, eta festa-eguna zuen, Zubietako herritarren bisitarekin".
Informazio-profesionalek, idazkian salatuta dagoenez, hauek pairatu zituzten: kolpeak kameretan, eraso fisikoa, harrokeriaz egindako ohartarazpenak, irainak, eta mehatxuak Horrez gain, simaurra bota zieten. Hori dena lana betetzen ari zirela izan zen.
Bi elkarteek deitoratu dituzte gertakariak: "Informazio-askatasunaren aurkako erasoak dira". Esan dutenez, Inauterietan, beste zenbait herritan ere izan dira horrelakoak.
Kasu honetan, diotenez, polemika iaz sortu zen, sare sozialetan; izan ere, festan hildako animaliak erabili omen ziren, argitaratutako argazkien arabera. Hori egitea debekatuta dago.
Agenteentzako deia
Testuinguru honetan, alerta-deia egin diete aginte-agenteei, xede izanik horiek babestea "komunikabideetako profesionalek duten lanerako eskubidea, bai eta horien segurtasuna ere". Kazetariek herri jakin batzuetara joan behar dute, Inauterien ospakizunaren berri emateko, eta inork ez du zertan mugatu informazioaren askatasuna; mugak jartzearen asmoa da, kazetarien iritziz, jendeak informaziorik ez izatea, horretarako eskubidea badu ere.
Halaber, "baldintzarik gabeko babesa" agertu diete profesionalei; euren esku dagoen guztia eskaintzen diete, gertaera hauekin lotuta.
Horrelako erasoak beste herri-jai batzuetan ere gertatzen direla gogorarazita, kazetariek azpimarratzen dute onartezina eta gaitzesgarria dela "informaziorako eskubidea oztopatzea, bereziki interes publiko eta popularra duten festetan (horietako batzuk interes turistikoak dira, gainera). Hori ezin da onartu gizarte osasuntsu, demokratiko eta anitz batean, komunikabideei euren lana egiten ez uztea".