Gizartea -

Dokumentazioa

Zergatik deitzen diogu ilargi bete honi 'odolezko superilargi urdina'?

2018ko urtarrilaren 31n, hiru faktorek bat egin dute gure satelitean, baina izenak gutxi du zientifikotik.

Ilargi betea izan da bart. Argazkia: Txaro Ortiz de Zarate
Ilargi betea izan da bart. Argazkia: Txaro Ortiz de Zarate
Ilargi betea izan da bart. Argazkia: Txaro Ortiz de Zarate

Eider GAraikoetxea | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kazetariok titular borobil eta deigarriak gustuko ditugu, eta batzuetan urrunegi joaten gara. Hauxe izan daiteke kasu horietako bat, izan ere, arlo zientifikoari lotzen bagatzaizkio behintzat, urtarrilaren 31ko ilargi betea ez da "super" izango, ezta urdina ere; gorrixka izan daiteke, baina ez beti. Kazetaritza ukitu nabarmena dute, hortaz, egunotan nonahi irakurri ditugun lerroburuek. Hori bai, urtarrileko azken egun honetan, 1866tik lehen aldiz, hiru faktorek bat egiten dute:

Superilargia: Ilargia Lurraren inguruan biraka dabil, batzuetan Lurretik hurbilago dago (orbita eliptikoa du), eta astronomoek perigeoa deitzen diote une jakin horri. Hurbilago egonda, handiagoa dela ematen du, baina ezin esan "super" denik, ilargi bete "normal" baten tamaina baino % 6 handiago ikusiko dugulako bakarrik. Begi bistan apenas atzemango dugu ezberdintasuna. Richar Nolle astronomoak erabili zuen lehen aldiz 'superilargia' berba, 1979an, eta zabal erabili da ordutik; NASAk ere bai:

'Odolezko' ilargia: Penintsulan 14:26 direnean ilargi eklipse osoa izango da, baina Australian, AEBn eta Asia ekialdean bakarrik ikusiko dute. Eklipsea gertatzeko Ilargia Lurrak sortzen duen itzalean sartu behar da, eta guztiz ezkutatu. Ilargiak tonu gorrixka hartzen du halakoetan (horregatik esaten diote 'odolezkoa'), Lurreko atmosferan errefraktatutako argia dela eta. Tonu gorrixka hori atmosferan dagoen hauts kantitatearen araberakoa da (zenbat eta hauts gutxiago, gorriago azalduko zaigu Ilargia, eta hauts asko badago, atmosferan ia beltz ikusiko dugu Ilargia).

Ilargi urdina: Hilabete bereko bigarren ilbeteari "urdina" deitzen zaio, baina ez tonu urdinxka hartzen duelako, Blue Moon ingelesezko terminoaren itzulpena baita. Hilabete honetako lehen ilbetea urtarrilaren 2an izan genuen, gaur, bigarrena.

Izena gorabehera, ilargi betearen argazki ederrak atera dituzte EiTBko erabiltzaileek:

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albiste xelebreak gaur Gizartea albisteak Eguneko albisteak Zientzia Super ilargia abuztuaren Zientzia hedapena gaur Ilargi eklipseak gaur Kosmosa Astronomia albisteak