Gizartea -

Emakumezkoen salerosketa

12 urtez bortxatu eta prostituitzera behartutako emakume bat askatu dute Gasteizen

Gaztea amarru bidez ekarri zuten Ekuatore Gineatik, 2006an. Bi gizon atxilotu dituzte gizakien salerosketa, sexu erasoa eta ezkontza behartua egiteagatik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 72 eta 63 urteko bi gizonezko atxilotu ditu asteon Gasteizen eta Madrilen emakume bat bortxatu eta prostituitzera eta soldata gabe lan egitera behartzeagatik. Amarruen bidez, Ekuatore Gineatik etortzeko konbentzitu zuten, eta bietako batekin ezkontzera behartu. 12 urte eman ditu gizon horien mendean.

Ertzaintzak gaur ohar bidez jakinarazi duenez, Gasteizko 3. zenbakiko Instrukzio epaitegiaren errekerimendua jaso zuen azaroan polizia autonomikoak emakumezkoen salerosketa kasu bat ikertzeko.

12 urtez gatibu

2006an, gazte nigeriar batekin ezkontzeko proposamena egin zioten neskari (hura ere Ekuatore Gineakoa) Espainiako Estatutik. Bidaiatzeko dokumentazioa eta dirua eskaini zioten, eta hala, urte horretan bertan Madrilera heldu zen biktima. Berehala konturatu zen amarruaz, berez gaztea behar zuen gizona bera baino askoz nagusiagoa zen.

Gizonak, anaia batekin eta beste emakume baten laguntzarekin, pasaportea kendu zion, eta mehatxupean, ezkontzera behartu zuen. Ihes eginez gero, bera edo senitartekoren bat hilko zutela esan zioten.

Une horretan, dokumentazio faltsua eman zioten eta lan egitera zein sexu harremanak izatera behartu zuten. Horrez gain, gizon biek eraso fisikoa eta sexu-erasoa egin zioten.

Gerora, emakumea Gasteizera eraman zuten, erroldan sartzeko asmoz eta gizarte-laguntzak iruzurrez eskatzeko. Memento horretatik aurrera, Madrilen eta Gasteizen jarraitu zuten emakumearen esplotazioarekin.

Atxiloketak

Anaietako bat joan de astelehenean atxilotu zuten Gasteizen, emakumezkoen salerosketa delitua egotzita.

Egun horretan ere, Madrilen, Guardia Zibilak beste anaia atxilotu zuen, delitu berdina leporatuta.

Akusatu biak aurkeztu beharko dira hamabost egunero epailearen aurrean eta, halaber, biktimatik urruntzeko agindua ezarri diete.

______________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak haurrak Ertzaintza Indarkeria matxista Espainian Gasteiz albisteak Gaurko azken orduko albistea Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako laguntza