Gizartea -
Hezkuntza
Lehen Hezkuntzan eta DBHn azken ebaluazioak egingo direla baieztatu du Uriartek
Aurreko ikasturtean egindako proba “pilotuen” ondoren, aurten zenbait zentrotan “ebaluazio adierazgarri” bat egingo dutela esan du sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) azken ebaluazioak egingo direla baieztatu du gaur Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Lagin adierazgarri bat egin nahi dute eta probak ez dira ikasle guztientzako berdinak izango.
Ikasleen irakurmena hobetzeko plana aurkeztu du gaur Uriartek Donostian. Hezkuntza Ministerioak atzo argitaratutako aginduaren arabera, azken ebaluazioek diagnostiko izaera izaten jarraituko dute ikasturte honetan, eta apiriletik aurrera egin ahal izango dituzte.
Aurreko ikasturtean egindako proba “pilotuen” ondoren, aurten zenbait zentrotan “ebaluazio adierazgarri” bat egingo dutela esan du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, “etapa bakoitzaren amaieran ikasleen profila izateko”.
Euskadiko hezkuntza sistemaren baitan ikasleen gaitasunak ezagutzea baino ez da, sailburuak zehaztu duenez. Uriarteren ahotan, ez dute “ikasle edo ikastetxe bakoitzaren txostenik” egin nahi, alderaketak eragozteko.