Gizartea -
Gripea
Gripearen eragina leuntzen hasi da Euskadin
44 lagun hil dira dagoeneko EAEn gripeak jota. Osakidetzaren arabera, oraindik goiz da epidemia behera egiten hasi den ala ez zehazteko.
Agentziak | Erredakzioa
Denboraldiaren hasieratik, 1.173 pertsona ospitaleratu dituzte gripearen ondorioz, horietako 242 larri, gripearen larritasuna neurtzeko ezarritako irizpideen arabera. Guztira, horietako 44 hil dira orain arte gripearen eraginez, Osasun Saileko eta Osakidetzako Zainketa Epidemiologikoko Jagoletza Sarearen azken asteko txostenaren arabera.
Hala ere, gripearen eraginak behera egin du Euskadin azken asteotan. Izan ere, 2018ko laugarren astean, 100.000 biztanleko 408,67 kasu izan dira.
Aipatu txostenean ageri denez, beherakada horrek epidemiaren uhinak behera egin duela adierazi arren, birusaren detekzio-maila nabarmena da oraindik, eta, beraz, datozen asteetan izango duen bilakaeraren zain egon beharko dute. Hori dela eta, oraindik goiz da epidemia behera egiten hasi den ala ez zehazteko.
Txostenak urtarrilaren 22tik 28rako datuak biltzen ditu.