Gizartea -
Euskadi barnealdean
Abisu horia izotza, tenperatura hotza eta elurragatik
Gainera, abisu horia indarrean egongo da haizeagatik mendi inguruetako haizeguneetan.
AGENTZIAK
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko, asteartea, barnealdean elurra, izotza eta muturreko tenperatura baxuak izatea espero baitute. Gainera, haize ufada handiak espero dira mendiguneetan, hori dela eta, horregatik ere abisu horia aktibatu dute.
Gaur, atzo aktibatutako abisu horiak indarrean jarraituko du, muturreko tenperatura baxuak eta izotza espero baitira barnealdean 00:00etatik 09:00etara. Barnealdean, izotz txikia egingo du, bereziki Araban.
Elurra dela eta, abisu horia izango da indarrean barnealdean 09:00etatik 12:00etara. Elur-kota 500-600 metro inguruan egongo da, eta 900-1.000 metrora igoko da eguerdi aldera. Prezipitazio txikia egingo du goizetik aurrera, sarriago isurialde atlantikoan, ekialdean. Lodiera hauek aurreikusi dituzte: 1-5 zentimetro 1.000 metrora, 0-2 zentimetro 600 metrora eta 0 zentimetro 200 metrora.
Bestalde, abisu horia ere ezarri dute haizeagatik mendi inguruetako haizeguneetan 06:00etatik 12:00etara. Hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haize-boladek orduko 100 kilometroko abiadura gainditu dezakete mendi inguruetan, bereziki mendebaldean.
Asteazkenean, prezipitazio txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina; arratsalde-gauean, atertzera egingo du mendebaldetik ekialdera. Hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin haizeguneetan. Tenperatura minimoak nabarmen edo asko igoko dira. Tenperatura maximoak, berriz, gutxi edo nahikoa igoko dira.