Gizartea -
NAFARROA
Iruñeko gazteluaren arrastoak kontserbatu egingo direla ziurtatu du Asironek
Gazteluaren arrastoak ikusgai jartzeko asmoa erakutsi dute obraren sustatzaileek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joseba Asiron Iruñeko alkateak ziurtatu duenez, Gaztelu plazari izena ematen dion XIV. mendeko gazteluaren arrastoak aurkitu izana "oso berri ona" eta horiek kontserbatuko direla bermatuta dago.
Goizean gaztelua agertu den tokia bisitatzen izan da Iruñeko alkatea. Etxe bat zaharberritzeko lanetan, gaztelu baten lau dorreetako baten hondarrak aurkitu dituzte eta Louis le Hutin erregearena dela uste dute, plazari izena ematen dion bera hain zuzen ere.
Asironen esanetan, albiste oso ona da aurkitutako gaztelua plazari izena ematen diona delako, Gaztelu plazan eraiki zen lehendabizikoa. "Hiriko gaztelurik zaharrena da. Ez da Nafarroa konkistatu zutenek eraikitakoa, XIV. mendeko nafarrek eraikitakoa baizik", gaineratu du.
Iruñeko alkate izateaz gain historialari ere badenak azaldu duenez, gazteluaren arrastoak publiko orokorrari zabalik egotea nahiko luke. Hala eta guztiz ere, ekimen pribatua izaki, ikusteke dago zer gertatuko den. Dena den, Asironen iritziz, albiste ona da gazteluaren arrastoak ikusgai jartzeko obraren sustatzaileek erakutsi duten asmoa.
Bestalde, aurkikuntzaren berri izan ostean, Iruñeko Udalak lanak gelditu ditu.