Gizartea -
Gipuzkoako Futbol Federazioa
Manuel Sarrion arbitroa: 'Ez nien euskaraz hitz egitea debekatu'
Larunbatean Idiazabal-Elgoibar partida zuzendu zuen epaileak ETBri adierazi dionez, “gertatutakoarekin ezin sinetsita nago”.
ETB | eitb.eus
Larunbatean, Preferente mailako Idiazabal eta Elgoibar futbol taldeen arteko partidan, euskaraz hitz egiteagatik jokalariak zigortuko zituela esan izana ukatu du gaur Manuel Sarrion arbitroak. Are gehiago, ez ziela debekatu euskaraz hitz egitea esan du Gipuzkoako Futbol Federazioan.
Epaileak ETBri adierazi dionez, “gertatutakoarekin ezin sinetsita nago”. Horren esanetan, azarotik bizi da Gipuzkoan, eta ez du euskara ulertzen, eta, horregatik, partida hasi aurretik taldeetako ordezkariekin biltzen da bere egoera pertsonala zein den azaltzeko.
Horren hitzetan, berari gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen die, baina partidan zehar euren artean euskaraz hitz egin dezaketela esaten die.
Idiazabalgo eta Elgoibarko futbol taldeek oso bestelako bertsioa dute, eta neurriak hartzeko eskatu diote Federazioari. Partidako aktan ez dago jasota futbol taldeek salatu dutena, eta egoera aztertu egin behar dutela esan dute Gipuzkoako Futbol Federaziotik.
Elgoibarko eta Idiazabalgo Udalek gaitzetsi egin dute gertatutakoa eta babesa eman diete bi taldeei. Lehiaketa Batzordea astearte arratsaldean bilduko da, eta orduan erabakiko dute zer egin: txosten informatiboa ireki edo bestelako neurriren bat hartu.