Gizartea -

Eguraldia

Bertan behera utzi dute uholde arriskuagatik ezarritako plan berezia

Bi egunetan euria gogotik egi ostean, eguraldiak atertzera egin du arratsaldean eta horrek ibaien emaria jaistea eragin du.

Deba ibaia, Elgoibar parean (Gipuzkoa). Argazkia: Vicente Guinea Gonzalez de Artaza
Deba ibaia, Elgoibar parean. Argazkia: Vicente Guinea Gonzalez de Artaza
Urumea ibaiak gainezka egin du Hernanin

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi du arratsaldean bertan behera utzi duela uholde arriskugatik indarrean zegoen larrialdietarako plan berezia, eguraldiak atertzera egin duelako eta, ondorioz, ibaien emaria jaitsi egin delako.

Alerta fasea bart ezarri dute, Gipuzkoako zenbait tokitan metro koadroko 60 litro baino gehiago pila zitezkeelakoan, eta 40-50 litro, Bizkaian.

Goizean, Urumea eta Oria ibaiek gainezka egin dute Hernanin eta Andonainen, hurrenez hurren. Gainera, 100 litrotik gora pilatu dira Gipuzkoa barnealdeko hainbat tokitan; Berastegin, esaterako, metro koadroko 105 litro neurtu dituzte.

Iragarpenaren arabera, asteazken honetan laino ugari izango dira eta euria egingo du, baina ez azken egunotan bezain beste.

Elur-maila 900-1.000 metroan izango da goizaldean, eta 500-600 metroan kokatuko da goizean. Hori dela eta, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du elurragatik.

Haizeak iparretik joko du goizean eta ipar-ekialdetik arratsaldean. Tenperaturak behera egingo du eta izotza bota dezake Araban.

 

 

Nafarroan, isurialde atlantikoko ibaien emaria, Bidasoa eta Arga ibaiena bereziki, zaintzen aritu da goizean Foru Gobernuko Babes Zibileko Zerbitzua.

Lehenengoari dagokionez, jarraipen maila gainditu du, baina aurre-alerta eta alerta mailara iritsi gabe.

Arga ibaia hazita zetorrela eta, uholdeengatik alerta ezarri du Iruñeko Udalak. Urak harrapatzeko arrisku handiena duten lekuetatik (Igeriketa Kluba eta Goñi etxaldea) ibilgailuak atera dituzte garabiak erabiliz eta jabeak SMS bidez ohartarazita.

Baztan ibaia (Bidasoak izen hori du bere hasierako tartean) egonkor dago.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza berriak Alerta meteorologikoak bideoak Eguraldia Bilbao Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa Uholdeak