Gizartea -

ISTILUAK BILBON

Ehunka pertsonak eman diote azken agurra Inocencio Alonso ertzainari Ermuan

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Patxi Lopez lehendakari ohia eta Carlos Totorika Ermuko alkatea izan dira hiletan, besteak beste.

Inocencio Alonsori gaur Bilbon egin dioten omenaldia. Argazkia: EFE
Bilbao, gaur. Argazkia: EFE
Hildako ertzainari azken agurra eman diote milaka lagunek Ermuan

0:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak eman diote azken agurra Inocencio Alonso Garcia ertzainari gaur arratsaldean Ermuko (Bizkaia) Santiago Apostolua elizan. Ostegunean Athleticen partidan Bilbon izandako istiluetan hil zen agentea, bihotzekoak jota.

Gala uniformez jantzitako hainbat ertzainek eman dute hilkutxa elizara, eta txalo artean hartu dute. Atzetik, agentearen alarguna eta bi semeak sartu dira. Ehunka pertsonak elizaren kanpoan jarraitu dute elizkizuna, barruan ez zegoelako tokirik.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Iñaki Arriola Etxebizitza eta Ingurumen sailburua, Patxi Lopez lehendakari ohia, Carlos Totorika Ermuko alkatea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, PPko zenbait ordezkari, eta Josu Urrutia Athleticeko presidentea izan dira hiletan, besteak beste.

Elkarretaratzea Bilbon

Jendetza bildu da gaur eguerdian Bilbon, San Mames futbol-zelaiaren ondoan, ostegunean izandako istiluak gaitzesteko, eta bihotzekoak jota hil zen Inocencio Alonso ertzaina omentzeko. Athletic eta Moskuko Spartak taldeen arteko partidaren aurretik, istilu gogorrak izan ziren San Mames inguruan, bi taldeotako zaleen artean.

ESAN sindikatuak deitu du gaurko bilkura, eta Ertzaintzako gainerako sindikatu guztiek bat egin dute deialdiarekin. Ordezkari politiko ugarik hartu dute parte elkarretaratzean.

Alonso ertzaina hil zen lekuan bertan egin dute ekitaldia. Agente zenaren argazki handi bat jarri dute, Ertzaintzaren ikurra eta Athleticen bandera bat ondoan zituela.

Hamar minutuko bilkura isilaren ostean, lore-eskaintza bat egin dute, eta hainbat kandela ere jarri dituzte argazkiaren azpian. Txalo zaparrada batekin amaitu dute bilkura.

ESANek "aurreko eredura" itzultzea eskatu du

Elkarretaratzea amaitu denean, Eneko Urkijo ESAN sindikatuko ordezkariak hedabideen aurrean hitz egin du. Besteak beste, Ertzaintzako Brigada Mugikorreko agenteen lan-baldintzak aldatzea eskatu du, 14 ordu jarraian guardiako operatiboetan lanean egotea gehigizkoa dela iritzita.

Bestalde,  "aurreko eredura" itzuli, eta berriro gomazko pilotak erabiltzen hastea beharrezkotzat jo du.  Urkijoren hitzetan, Ertzaintza ez dago prestatuta, halako protestetan hainbesteko jendetzari "aurrez aurre" erantzuteko. Horretarako agente gehiago beharko liratekeela esan du. Ostegunekoak bezalako liskarrei aurre egiteko,  adibidez, "1.000 bat ertzaineko operatiboa" beharko litzatekeela esan du.

"Lehen botatzen genituen gomazko pilotak ez ziren mina emateko izaten, segurtasun tarteei eusteko baizik", nabarmendu  du.

Bilboko istiluak "Herri Norteko erradikalek" hasi zituztela ere salatu du ordezkari sindikalak, eta horren harira, "neurriak" hartzeko eskatu dio Athletic Clubeko zuzendaritzari. "Errusiako zaleek erantzun egin zuten. Erasoa jasan, eta erantzun", esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Club Futbola bideoak Zer gertatu da gaur Bilbon?