Gizartea -

Muga-politika

Mobilizazioak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean errefuxiatuak hartzearen alde

Estatuko hiriburu gehienetan antolatu diren protestekin bat egin dute lau hiriburuek, Europako politika migratzailea eta errefuxiatuekiko jarrera salatzeko.

Bilbon izandako manifestazioaren burua. Argazkia: EFE
Bilbon izandako manifestazioaren burua. Argazkia: EFE
Bilbon izandako manifestazioaren burua. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagun kalera irten dira igande eguerdi honetan Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, EAE, Nafarroa, Espainiar Estatua eta Europako Gobernuei errefuxiatuen eta etorkinen giza-eskubideak errespetatuko dituzten migrazio politikak eskatzeko.

'Ongi etorri errefuxiatuak' plataformak deitu ditu manifestazioak, eta bat egin dute horrela Espainiar Estatuan etorkinei laguntzen aritzen diren 150 kolektibok egindako deialdiarekin. 25 hiriburutan izan dira protestak eta #18O25 eta #25F18 etiketekin zabaldu dituzte sare sozialetan.

12:00etan hasi da protesta Bilboko udaletxe aurrean, eta Alde Zaharra igaro ostean, San Frantziskon amaitu da, etorkin gehien bizi den tokian, alegia. Donostian Bakearen Usotik abiatu da manifestazioa, Gasteizen kalejira egin dute erdialdetik, eta Iruñean, berriz, elkarretaratzea egin dute Gaztelu Plazan. 'Europa Gotorlekuari ez. Eskubide guztiak denontzat eta Ongi etorriak' bezalako pankartak izan dituzte eskutan.

Manifestazioen amaieran agiria irakurri dute, eta deialdiaren antolatzaileek salatu dute hirugarren urtez kalera atera behar izan direla Europar Batasunak ezartzen dituen "politika ankerrak" salatzera.

Gogoratu dutenez, 2016an 5.000 pertsona ito ziren, eta azken 17 urteetan 35.000 lagun hil dira Mediterraneoan Europara heltzeko saiakeran. Dena dela, Europara heltzen lortu duten etorkinei  dagokienez, Espainiako Gobernua urratzen ari da bere konpromisoak", 2017ko irailera arte hitzemandako errefuxiatuen % 15,67 bakarrik hartu baitu (guztira, 17.337 lagun hartu behar ditu).

"Indarrez euren etxeetatik alde egin behar izan duten 70 milioi lagun daude mundu osoan, eta Europa blindatu egiten da asilo-politikak gogortuta eta nazioarteko babeserako eskubidea zailduz", salatu dute.

Hori dela eta, pertsonen zirkulazio askerako eskubidea bermatzeko, asiloari dagokion nazioarteko legedia betetzeko, Atzerritarren Legea baliogabetzeko eta Espainiako mugetara heltzen diren lagunen eskubideak errespetatzeko eskatu diete Espainiar Estatuari eta Europari. "Lagun horiek migratzeko eskubide osoa daukate, eta gure betebeharra da horiek hartzea", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Donostia Iruñeko argazkiak Gizartea albisteak Gasteiz albisteak Gaurko azken orduko albistea Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Azken ordukoa protestak Errefuxiatuak albisteak gaur