Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bat zauritu du bikotekideak Irunen, kalean
Gizona atxilotu du Ertzaintzak. Erasotzaileak ukabilkada eman dio emakumeari, eta zerraldo erori da.
EITB.EUS
Emakume bat zauritu du bikotekideak Irunen, kalean egindako eraso batean. Gizonezkoa atxilotu du Ertzaintzak.
Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, erasoa bart jazo da, 03:00etan, Irungo erdiguneko kale batean. Bertaratu diren agenteek emakume bat topatu dute lurrean, eta ondoan, bere bikotekidea.
Erasoaren lekuko izan den batek agenteei kontatu dienez, gizonak ukabilkada bat eman dio biktimari, eta zerraldo jausi da.
Emakumea osasun etxera eraman dute, zaurituta. Agenteek 40 urteko gizona atxilotu dute, genero indarkeria egotzita.
Goizean utzi dute Irungo guardia epaitegiaren esku.
-------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.