Gizartea -
MARTXOAREN 8AREN HARIRA
Berdintasunaren aldeko borroka bistarazi du berriz ere Donostiako Lilatoiak
5.218 emakumezko korrikalarik lilaz jantzi dituzte Donostiako kaleak. Lorea Ayala Gainberrik irabazi du 5 kilometroko lasterketa, 18:07 minuturekin.
EITB.EUS
Iganden honetan Donostian ospatu den Lilatoiaren 29. edizioa inoizko jendetsuena izan da: 6.050 emakumek eman zuten izena, eta 5218k amaitu dute, Atletico San Sebastianeko antolakuntzak jakinarazi duenez. Bai partehartzaileek, baita antolakuntzak ere, hitzorduaren arrakasta eta berdintasunaren aldeko borroka ikustarazteko duen balioa nabarmendu dituzte.
Boulevardean hasi eta amaitzen den lasterketa, 10:30ean hasi da, eta 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan domina lortu zuen Izaskun Osesek kirolari paralinpikoak eman dio hasiera.
18 minutu eta 7 segundu beranduago sartu da irabazlea: Lorea Ayala Gainberri donostiarra. Marina Gonzalez Burgos iruindarra izan da bigarrena, 18:19 minuturekin, eta Izaro Rubio Lasa ordiziarra, hirugarrena, 18:24 minuturekin.
Klasifikazio guztiak kirolprobak.com webgunean kontsulta daitezke, eta baita PDF honetan ere:
Aurtengorako aukeratutako leloa "Itzaletik Argira" izan da eta esanahi bikoitza du, antolatzaileen esanetan: "Alde batetik, Begisare Elkartearen helburua nabarmentzen du eta, bestetik, bizitzaren alor guztietan berdintasuna lortzearen beharra azpimarratu nahi du". Begisare Elkarteak retinosis pigmentarioa dutenen bizi kalitatea hobetzea, ikerketa bultzatzea eta gizarte sentsibilizazioa sustatzea dira.
Izena eman duten emakumeen jatorriari dagokionez, 5.366 gipuzkoarrak izan dira (% 89) —%25,25 donostiarrak—, 387 bizkaitarrak, 145 nafarrak eta 70 arabarrak. Halaber, Iparraldeko, Madrileko, Bartzelonako, Murtziako eta Kantabriako korrikalariak ere izan dira.
Lasterketa amaitutakoan, sari-banaketa egin dute 11:30 aldera, Alderdi Ederren, batukada doinuek lagunduta. Aurten, hiru talde handiren parte-hartzea ere saritu nahi izan du antolakuntzak: Legazpiko Haztegi ikastola (200 lasterkari), Ordiziako Jakintza ikastola (120 lasterkari) eta Urretxu-Zumarragako ikastola (100 lasterkari).
12:30ean urteroko "lilapotea" egin dute, Alderdi Ederretik abiatuta.
Gaurko ekimena Donostian Martxoaren 8rako deitutako ekitaldien barnean kokatu behar da.