Gizartea -

ASTURIAS

Emakume baten gorpua aurkitu dute Asturiasen eta beste biren bila ari dira

Arbongo urtegian topatu dute otsailaren 13tik falta zen Paz Fernandez Borregoren hilotza. Halaber, Polizia Asturiasen falta diren beste bi emakumeren bila ari da.

Otsailaren 13an galdu zuten Paz Fernandez Borregoren arrastoa. Argazkia: @sosdesaparecido
Otsailaren 13an galdu zuten Paz Fernandez Borregoren arrastoa. Argazkia: @sosdesaparecido
Paz Fernandez Borregoren gorpua agertu da urtegi batean

0:44

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paz Fernandez Borrego, otsailaren 13tik falta zen 43 urteko emakumezkoaren hilotza aurkitu zuten atzo Arbongo urtegian (Asturias). Heriotzaren arrazoiak argitzeke daude oraindik, gaur egingo dioten autopsiaren emaitzak ezagutu zain. Gainera, Asturiasen aurreko astetik falta diren diren beste bi emakumeren bila ari dira. Hala ere, Poliziak ez du uste hiru kasuen artean loturarik dagoenik.

Fernandez Borregoren hilotza Arbongo urtegian piraguismoa egiten ari zen bizilagun batek topatu zuen 15:30ak aldera, eta abisua eman ostean 19:30ean atera zuten uretatik, Auzitegi Medikuntzako Institutura eramateko.

Emakumearen eskuko telefonoaren azken seinalea Busmargali herrian kokatu dute, desagertu zen Navia herritik 8 kilometrora. Otsailaren 13ko gaua pasatzeko logela bat hartu zuen Naviako hostal batean eta haren Jarrioko ospitalean agertu zen. Busmargali eta urtegiaren artean 14 kilometroko tartea dago.

Bestalde, pasa den astetik Gijon eta Castrillon herrietatik falta diren beste bi emakumeren bila ari dira Asturiasen. Hala ere, hasiera batean baztertu egin dute hiru kasuen artean loturarik dagoenik.

Lorena Torreren arrastoa, 40 urte, martxoaren 1ean galdu zuten Gijonen eta haren autoa El Rinconin hondartzaren inguruan aurkitu zuten. Espainiako Poliziaren arabera, beroki berde bat, galtza bakeroak eta botak zeramatzan.

 

Bestalde, martxoaren 2an galdu zuten, Avilesen, Concepcion Barbeira Mariñoren arrastoa. 1,60 metro luze da eta argala da. Antza denez, Castrillongo etxetik atera zen, baina ez zen lan egiten duen Avilesko ospitalera inoiz iritsi. Haren autoa, ostera, Santa Maria del Marren aurkitu zuten, ate guztiak irekita eta poltsa barruan zituela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Desagertutako pertsonak Asturias azken ordukoa