Gizartea -
EMAKUMEENGANAKO INDARKERIA
Emakume batek sexu-abusu saiakera jasan du Alegian
Erasotzailea oinezko emakume bati galtzak jaisten ahalegindu zen, baina eragoztea lortu zuen. Ertzaintzak 20 urteko gizon bat atxilotu du sexu-abusu saiakerarekin lotura duelakoan.
EITB.EUS
Ertzaintzak 20 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Alegian, oinezko emakume bati sexu-abusu saiakera egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, erasotzailea emakumezkoari galtzak jaisten ahalegindu zen, baina azken honek erasoa saihestea lortu zuen.
Segurtasun Sailaren oharraren arabera, 14:30ak aldera emakumeak 112 telefonora deitu zuen sexu-abusu saiakera baten berri emanez.
Ertzainak tokira bertaratu ziren eta emakumearekin hitz egin zuten. Biktimaren esanetan, bidegorritik oinez paseatzen ari zela birritan topo egin zuen gizonezkoarekin eta bigarren aldian berokiaren atzeko aldea altxatu eta galtzak jaisten saiatu zen. Dena den, emakumeak eragotzi egin zion eta erasotzaileak ihes egin zuen.
Ertzaintzak Alegiako alde zaharrean aurkitu zuen gizonezkoa eta atxilotu egin zuen, sexu-abusu delitua egotzita.
Tolosako Guardiako Auzitegiko epailearen aurretik igaro ostean, atxilotua aske gelditu da. Dena den, hilabetean birritan (1ean eta 15ean) auzitegira agertu beharko du.
_________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.