Gizartea -
Gertakizuna
Bi pertsona hil dira eta bi larri zauritu Santurtzin, sute batean
- Sua abandonatuta dagoen jatetxe batean piztu da.
- Lau biktimak atzerritarrak dira, eta 19 eta 25 urte artekoak.
- Zauritutako baten bizia arriskuan dago.
Erredakzioa
Bi pertsona hil dira eta beste bi larri zauritu gaur goizean Santurtzin, abandonatuta dagoen eraikin batean piztutako sutean, Herrizaingo Sailak baieztatu duenez.
Aipatu iturrien esanetan, sua 06:00ak aldera piztu da, Iparragirre etorbideko 69. zenbakian, ''Lucas'' jatetxe ohian. Egun itxita dago, eta normalean etxerik gabeko pertsonek lo egiteko erabiltzen dute.
Sugarrak lehenengo solairuan piztu dira, eta ondoren eraikin osora hedatu dira, oso azkar, barruan zeuden lau pertsonak harrapatuta.
Ricardo Ituarte alkateak (EAJ) Radio Euskadin azaldu duenez, lau biktimak atzerritarrak dira, eta 19 eta 25 urte artekoak.
Bi zauritutakoak, 19 eta 22 urtekoak Ertzaintzaren arabera, Gurutzetako&' || 'nbsp;Ospitalera eraman dituzte.
Sua eraikinaren barruan hasi dela baieztatu du Santurtziko alkateak. Ikerketarekin aurrera jarraitu behar dute, baina baliteke koltxoi batek sua hartu izana, adituen ustez.
Zaurituen egoera
Ospitaletik informatu dutenez, zaurituetako bat Erredura Handietako Unitatean daukate, hirugarren mailako erredurak baititu gorputzaren % 10ean. Hain zuzen ere, aurpegian, eskuetan eta besoetan ditu zauriak. Halaber, kea arnastu du eta, beraz, makina batera konektatu dute. Haren bizia arriskuan dago, alkateak zehaztu duenez.
Beste zaurituak ere kea arnastu du, eta makina batera konektatu ez ezik, intubatu ere egin behar izan dute. Zainketa berezien unitatean daukate.
Polemika eraikinaren egoera dela eta
Auzokideak etsita eta oso haserre agertu dira, tragedia saihestea posible zelako: "Ez dago eskubiderik, 40.00 aldiz deitu dugu Udaltzaingora, pertsona horiek handik botatzeko, baina ez dute egin", esan du auzokide batek ETBko kameren aurrean.
Hori horrela, alkateak azaldu du Udalak eraikina eraisteko prozedura abiatu zuela urrian, eta hori husteko eskatu ziotela jabeari. Hark, baina, "ez zuen bete" eta alegazioak aurkeztu zituen.
"Jabeek esku-hartu behar zuketen", esan du Ituartek, eta haien eraikinak "egoera onean" izateko dei egin die jabe guztiei.