Gizartea -
Trafikoa
Normaltasuna euskal errepideetan, goizeko ilara luzeen ondoren
AP-8 autobidean, Kantabriarako noranzkoan, 12 kilometroko pilaketak izan dira; Biriatun, zazpi kilometrokoak; eta Armiñonen, bi kilometrokoak.
EITB.EUS
Aste Santuko oporrak tarteko, ilarak sortu dira Ostegun Santu honetan euskal errepideetan itogune izan ohi diren bideetan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, pilaketak eguerdian hasi dira gutxitzen eta arratsaldean normaltasuna nagusitu da Euskal Autonomia Erkidegoko errepide sarean.
Ilara luzeenak AP-8 autobidean izan dira, Muskizen, Kantabriarako noranzkoan. 12 kilometroko pilaketak sortu dira.
Biriatuko bidesarian, Baionarako noranzkoan, zazpi kilometrorainoko ilarak izan dira; eta N-1 errepidean, Armiñonen, Burgosko noranzkoan, bi kilometrokoak.
Zirkulazio arazoak izan badira ere, ez da istripu aipagarririk izan.
Zirkulazioari buruzko informazioa
Errepidera atera aurretik, 011 telefono zenbakira deitzea aholkatu dute Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik, zirkulazioaren egoera ezagutzeko. Erakunde horrek Twitterren eta bere webgunean ere emango du unean uneko informazioa.
Bestalde, EiTBk informazioa emango du eitb.eus-eko zirkulazioaren inguruko webgune berezian eta Radio Euskadiko ordu erdiro eskaintzen dituen albistegietan.