Gizartea -

Barakaldo

Zortzi pertsona zauritu dira A-8an, 10 ibilgailuren artean izandako bi istriputan

Bost ibilgailuk euren artean talka egin dute, hiru zauritu eraginda. Ordubete geroago, beste bost autok istripua ere izan dute, eta horren ondorioz, beste bost zauritu dira.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat goiz honetan A-8 autobidean Barakaldo parean, ordubeteko tartearekin, izandako bi auto-istripuren ondorioz zortzi lagun guztira zauritu dira, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Guztira 10 ibilgailuren artean izandako ezbeharrak izan dira, eta horiek auto-pilaketa handiak eragin dituzte.

Lehenengo istripua 11:20ak aldera jazo da, Barakaldo udalerrian, Kantabriarako noranzkoan. Bost ibilgailuk euren artean talka egin dute. Horren ondorioz, hiru bidaiari zauritu dira, eta Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dituzte. Istripua izan duten ibilgailuek eskuineko erreia hartu dute, eta horrek auto-pilaketa handia eragin du zonaldean.

Bigarren talka 12:15ak aldera jazo da, 121,3. kilometroan, Kantabriarako noranzkoan, Barakaldo parean ere, erdiko erreian. Beste bost autok euren artean talka egin dute, eta bost bidaiari zauritu dira. Horietako bi Gurutzetako Ospitalera eraman dituzte, eta gainerako biak, ordea, San Eloy Ospitalera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Azken ordukoa Bizkaia Barakaldo Bizkaizko trafiko telefonoa Trafiko webkamerak Gaurko azken orduko albistea