Gizartea -
HARRAPAKETA
Hernanin bi gazte harrapatu zituen gidaria Ertzaintzaren aurrera aurkeztu da
Oiartzungo ertzain-etxean agertu da eta deklarazioa eman du. Antza denez, gidaria eta bi zaurituak lagunak dira eta benetan gertatu zena txantxa giroko istripua izan zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hernanin igande goizaldean izandako harrapaketan nahastutako gidaria gaur goizaldean Oiartzungo ertzain-etxean aurkeztu da eta deklarazioa eman du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Atzo 01:30 inguruan gertatu zen harrapaketa, Oialume auzoko biribilgunean, GI-2132 errepidean. Auto gidariak bi gazte harrapatu zituen, eta ondoren ihes egin zuen. Hori dela eta, Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu zuen gidaria identifikatu ahal izateko.
21 urteko bi gazteak Donostia Ospitalera eraman zituzten, zaurituta; batak aurpegian zauriak zituen, eta besteak, kolpe ugari gorputz osoan. Hala ere, beraien egoera ez da larria.
Auto gidaria bere kabuz agertu da bart Oiartzungo ertzain-etxera, eta deklarazioa eman du.
Bere lekukotzaren arabera, bi zaurituak eta bera lagunak dira eta benetan gertatu zena txantxa giroko istripua izan zen.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, argiketa txostena dagokion epaitegiaren esku geldituko da, inolako salaketa eta inputaziorik gabe. Bestalde, Ertzaintzak bertan behera utzi du gertaera argitzeko lekukoei egindako laguntza eskaria.