Gizartea -
Lapurdi
Angeluko istripuan desagertutako emakume baten bila ari dira
Hiru pertsona zihoazen itsasontzian, irauli zenean; horietako bat ia berehala hil zen, beste bat geroago erreskatatu zuten, eta hirugarrenak, emakume batek, desagertuta jarraitzen du.
EITB.EUS
Larrialdietako zerbitzuak atzo, asteazkena, Angelun (Lapurdi) izan zen itsaontzi istripuaren ostean desagertutako emakume baten bila ari dira.
Ezbeharra atzo goizean gertatu zen; itsasontzia Angeluko Adhoc portu pribatutik abiatu zen eta, itsasoa zakar zegoenez, ontzian zihoazen hiru pertsonek -bi gizon eta emakume bat- itzultzea erabaki zuten, Cavaliers hondartzaren parean zeudenean.
Une horretan, antza denez, irauli zen itsasontzia. Horietako bat, 60 urtekoa, ia berehala hil zen bihotzekoak jota. Bigarrena, 69 urtekoa, geroago erreskatatu zuten, traumatismo batekin eta hipotermia zantzuekin, hori dela eta, Baionako Ospitalera eraman zuten.
Orain, larrialdietarako zerbitzuek hirugarren pertsona horren (emakumea) bilaketa lanetan dihardute.