Gizartea -

Kutsadura

Arga ibaiko gasolio isuriari begira

PA-30 errepidean kamioi batek istripua izan zuen iragan asteartean, Antsoainen, eta garraiatzen ari zen gasolioa galdu zuen ibilgailuak. Kargaren zati batek Arga ibaian amaitu zuen.

Suhiltzaileak lanean, Arga ibaian. Argazkia: EFE
Suhiltzaileak lanean, Arga ibaian. Argazkia: EFE
Suhiltzaileak lanean, Arga ibaian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arga ibaiko gasolio isuriari begira jarraitzen dute Ingurumen Departamentuko zaindariek. Oraingoz ez dute nobedaderik antzeman inguruko floran eta faunan.

PA-30 errepidean kamioi batek istripua izan zuen iragan asteartean, Antsoainen, eta garraiatzen ari zen gasolioa galdu zuen ibilgailuak. Kargaren zati batek Arga ibaian amaitu zuen.

Iruñeko, Lizarrako eta Tafallako basozainak ari dira lanean, Ingurumen Departamentuak jakitera eman duenez. Ibaiertzak eta emaria aztertzen ari dira, baina oraingoz ez dute faunan eta floran kalterik aurkitu. Hori bai, erregai usaina antzeman dute zenbait tokitan.

Iruñean, kutsadurari eusteko hesiak jarri zituzten suhiltzaileek San Pedron eta San Jorgen. Isuria San Pedron hasi zen. Hesiak aztertzen ari dira, mantentzea beharrezkoa den ala ez erabakitzeko. Beharrezkoak ez baldin badira, asteburuan kentzea aurreikusi dute; izan ere, iragarritako euriak hondatu ditzake.

 

Gares eta Mendigorria arteko tartean erregai usaina antzeman dute

 

Gares eta Mendigorria arteko tartean erregai usaina antzeman dute, baina ez dute isuriaren zantzurik ikusi.

Era berean, Berbintzana eta Larraga arteko zona aztertzen ari dira. Bertako arrantzaleekin eta nekazariekin harremanetan jarri dira, baina oraingoz ez dute isuriaren ondoriorik topatu.

Bestalde, asteburuan zehar Faltzes eta Miranda arteko tartea aztertuko dute, baina oraingoz normaltasuna da nagusi zonan.

Nolanahi ere, zona guztietan ibaiertzak aztertzen jarraituko dute. Astelehenera arte ez da ondoriorik aterako, Ingurumen Departamentuak lanean ari diren baliabideen txostenak aztertu arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Albisteak Nafarroa Gizartea bideoak Tafalla Nafarroako Gobernua Lizarra Ingurumena Euskal Herriko ibaiak Erregaiak Kutsadura