Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bati sexu erasoa egin diote Lizarran
Ustezko egilea atxilotu egin dute. 26 urte ditu, eta dirudienez, biktima ezagutzen zuen.
agentziak | erredakzioa
Foruzaingoak 26 urteko gizon bat atxilotu du Lizarran (Nafarroa), eraso sexual bat egitea egotzita. Biktimak salaketa jarri ostean egin dute atxiloketa. Emakumearen arabera, erasotzailea ezagutu egiten zuen, eta erasoa auto baten barrua egin zion.
Emakumeak salaketa jarri zuen Udaltzaingoan, baina Foru Poliziaren Laguntza Brigadari bidali zioten kasua, eta ikerketari ekin zioten. Erasoa gertatu zen ibilgailua aztertu zuten agenteek, lagin biologikoen bila. Behin amaitua, epailearen esku utzi zuten kasua.
Bestalde, Foru Poliziak jakinarazi du 43 urteko gizon bat atxilotu dutela Iruñean, urruntzeko agindu bat urratu izanagatik.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.