Gizartea -

Espainiako Gotzain-batzarra

Gotzainak: 'Aita Santuak ez du kondoiaren erabilera defendatu'

Aita Santuak preserbatiboari buruz egindako adierazpenek "Elizaren doktrinan berritasunik ekarri ez" dutela adierazi du Juan Antonio Martinez Camino Gotzain-batzarreko bozeramaileak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Preserbatiboaren erabilerari buruz Aita Santuak esandakoan defentsa edo legitimazio bat dagoenik ukatu du gaur Juan Antonio Martinez Camino Espainiako Gotzain-batzarreko bozeramaileak. Kondoiaren erabilera beti "ezmoraltasun testuinguru" batean ematen dela azpimarratu du Martinez Caminok.

Aita Santuak preserbatiboari buruz egindako adierazpenek "Elizaren doktrinan berritasunik ekarri ez" dutela adierazi du Gotzain-batzarreko bozeramaileak. Gainera, adierazpenak gotzainen batzarrean eztabaidatu ez dituztela azaldu du Martinez Caminok.

Luz del mundo Peter Seewald idazlearen liburua "patxadaz irakurri beharra dago", gotzainaren hitzetan. Benedikto XVI. Aita Santuaren elkarrizketatik ondorio horiek ezin daitezke atera, "Elizaren doktrina ezaguna" baino ez duelako adierazten.

Heriotza duina

Bestalde, heriotza duin eta zainketa aringarrien inguruko lege bat presatuko duela iragarri du Espainiako Gobernuak. Ildo horretatik, idatzitako testu bat dagoenean eta edukiaren berri dutenean iritzia emango dutela esan du gotzainen bozeramaileak, baina "gizaki batek eragindako heriotza bat, baldintzak kontuan izan gabe, ez da sekula heriotza duina, ezin daitekeelako inor hil".

Hala ere, Elizaren doktrinaren arabera, "ez da etikoa heriotza alferrik atzeratzea sufrimendu, ebakuntza eta tekniken bidez, lortzen den gauza bakarra heriotza atzeratzea delako", erantsi du Martinez Caminok.

Bestalde, Valle de los Caidoseko apaizei gotzainen elkartasuna adierazteko agindua eman diote Antonio Maria Rouco Varela Gotzain-batzarreko presidenteari, bozeramaileak jakitera eman duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea