Gizartea -
Trafikoa
Zortzi lagun hil dira euskal errepideetan larunbatetik astelehenera
Azken, 64 urteko gizonezko bat, Erandion auto batek harrapatu ostean hil da Gurutzetako ospitalean.
Erredakzioa
64 urteko gizonezko bat hil da auto batek harrapatuta Erandion, Bizkaian, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, eta horrekin zortzi dira larunbatetik astelehenera euskal errepideetan hil diren pertsonak.
Azkeneko ezbehar larria atzoko 13:30 aldera gertatu zen BI-711 errepidean. Citroen Xsara auto batek gizonezko bat harrapatu zuen eta larri zauritu.
Gurutzetako ospitalera eraman zuten berehala zauritua, baina ordu batzuk geroago, hil egin zen.
Ertzaintzak ikerketa bat jarri du abian gertakariaren nondik norakoak argitzeko asmoz.
Orion
42 urteko gizonezko bat hil da eta beste pertsona bat zauritu bi autok aurrez aurre talka eginda, Aian (Guipuzkoa), Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Olaibar
75 urteko gizonezko bat hil zen kamioi bat jota igandean, N-121-A errepideko 12. kilometroan, Olaibarren.
Goizueta
Igandean bertan, beste pertsona bat hil eta hiru zauritu ziren bi autok talka egin ostean, Goizuetan.
Larunbat beltza
17 eta 19 urteko gizonezko bi hil ziren eta 36 urteko emakume bat zauritu bi autok talka eginda N634n, Galdakaon.
Eguneko hirugarren hildakoa bi ordu geroago izan zen, 08:42etan, Arruazun, Nafarroan. A-10 autobideko 13,5 kilometroan izandako istripuan pertsona bat hil zen, kotxea errepidetik aterata.
Era berean, Derion, gizon bat hil zen eta beste bi pertsona larri zauritu bi kotxek euren artean talka egin ostean BI-631 errepidean.